Emakume ikusezinak ez, baina estereotipoak ere ez

Emakume ikusezinak ez, baina estereotipoak ere ez


Zientzia eta medikuntzan nagusi den ikuspegiaren ondorioz, emakumeen gorputzak, sintomak eta erreakzioak ez dira behar bezala aintzat hartu ikerketetan eta klinikan. Historikoki, denen arteko uniformitate biologikoaren ideian oinarritu da ikuspegi hori, baina gizonen gorputza izan du eredu nagusi.

Bernadine Healyk, 1991ko “The Yentl Syndrome” artikuluan, kritikatu zuen medikuntzak gizonezkoak hartzen dituela ardatz nagusi, eta emakumeak gizonen estandar klinikoei egokitu behar direla arreta bera jasotzeko; eta sarritan gaizki diagnostikatu eta tratatu izan dira. Horrek genero-medikuntza bultzatu zuen, sintomak eta tratamenduen eraginak genero-aldagaien arabera sailkatu eta aztertzeko asmoz. Carme Valls-Llobet mediku ezagunaren lanean ere morbilitate diferentziala azpimarratu da; gaixotasunen prebalentzia, arrisku-faktoreak eta sintomak desberdinak direla generoen artean. Horren adibide dira gaixotasun kardiobaskularrak, bularreko minbizia eta min kronikoa, emakumeek sintoma eta bilakaera bereziak baitituzte. 

Baina genero-medikuntzan eta zientziaren filosofo feministen artean zalantzak daude generoari nola heldu erabakitzerakoan, generoa gizarte-­arauetan oinarrituz eraikitako kategoria baita, ez biologiko hutsa. M. Christina Amoretti filosofoak bi joera identifikatzen ditu aztertu beharrekoak: batetik, genero-­itsukeria, desberdintasun esanguratsuak baztertzen dituena, eta, bestetik, genero-­estereotipoak, existitzen ez diren desberdintasunak azpimarratzen dituena. Biek diagnostiko okerrak eta tratamendu desegokiak eragiten dituzte. Lehen arazoari aurre egiteko, NIH erakundeak sexua aldagai biologiko gisa (SABV) kontuan hartzea derrigortu zuen 2016an, ikerketak eta arreta medikoa hobetzeko. Bigarrenari dagokionez, Amorettik dio genero-­ikuspegia genero guztiekin erabili behar dela, ez emakumeekin soilik. Horretarako, egiten diren kategoriak jarraitasunean ulertu behar dira, ez soilik binario gisa, pertsonak modu ezberdinetan kokatu baitaitezke horietan bizitzan zehar. Gainera, generoaren eragina beste aldagai batzuekin (arraza, etnia, maila sozioekonomikoa) gurutzatzen da, eta osasunean eragin konplexua du horrek.

Sexua aldagai biologiko gisa erabiltzea zalantzan jartzen duten ahots kritikoen artean dago Sarah S. Richardson zientzia-historialari eta filosofoaren lana. Sexu-aldagaiak balizko bereizketa biologiko hutsean oinarritzeak arriskuak ditu: batetik, gizon-­emakume kategoria zurrunak naturalizatu eta generoen aniztasuna ezkutatzea, eta, bestetik, dikotomia horren barruko heterogeneotasuna kontuan ez hartzea. Gainera, faktore sozialak, adina, arraza edo bizimodua baztertzen dira, osasunean eragin handia duten arren. Horri erantzunez, Richardsonek sexuaren kontestualismoa proposatzen du ikerketa biomedikoan: sexua ez ulertzea beti aldagai binario eta esentzialista gisa, baizik eta testuinguruaren arabera definitzea. Adibidez, esperimentu batean estrogenoen mailaren arabera lau sexu-kategoria bereiz daitezke biren ordez. Horrenbestez, sexuaren ulermen ñabartu, malgu eta ebidentzian oinarritua defendatzen du.

Ikerketa biologikoetan ere, animalien portaera, portaera-­ekologia eta eboluzio-biologia ikertzen dituztenek eskatzen dute terminologia deskriptibo, zehatz eta praktikoa erabiltzea. Malin Ah-King ikertzailearen ustez, sexua aldagai biologiko gisa modu binarioan interpretatzeak ez du hori bermatzen. Ondorioz, sexu-aldagaien arabera bereiztea baliagarria eta beharrezkoa da, zenbait kasutan agerian uzten dituelako genero-itsukeriak ezkutatzen dituen desberdintasunak; baina, aldi berean, genero-­estereotipoak indartzeko arriskua ere badu.

 

-> Zeluletatik hasi eta organismo osora

Etxeberria, Arantza

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna