Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna
2025/02/11 Elhuyar
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, eta Zientzia.eus-ek arreta berezia jarri dio gaiari, hainbat erpinetatik:
Sexua eta generoa
Emakumeek oraindik ere ez dituzte tratamendu mediko egokiak jasotzen, praktika medikoak eta ikerketa zientifikoak ez dituztelako sexuaren eta generoaren aldagaiak nahikoa barneratu. Teknopolisek horren inguruko saio monografiko bat egin du gaurko.
Azpimarratzekoak dira Bernal Chico Achucarro Neurozientziarako Euskal Zentroko ikertzaileak esandakoak: “Medikuntzan eta zientzian sexua eta generoa, biak hartu behar dira kontuan: sexu biologikoak sintomatologia eta gaitz desberdinak izateko probabilitatea baldintzatzen duelako, eta generoak gure portaera: medikuarenera joateko dugun joera, nola somatzen ditugun sintomak…”. Oraindik ere, medikuntzak antropozentrikoa izaten jarraitzen duela uste du.
Emakumeen lidergoa
Norteko Ferrokarrila irratsaioan ere hartu du lekua Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunak, eta zientzian emakumeen lidergoari jartzen zaizkion zailtasunak izan ditu hizpide.
Oihane Sanz Iturralde EHUko kimikako ikertzaileak hala adierazi du: “Ikertzaile nagusiak emakumeak izatea beharrezkoa da, baina EHUn ikertzaile nagusien % 10 bakarrik dira emakumeak”.
Mariana Medina fisikariaren ibilbidea ere izan da saioan, CICnanoGUNEn ikerketa-lerro bat zuzentzen duen lehen emakumea.
Saria jaso du Teknopolisek
Iazko otsailaren 11ko Teknopolisen saio bereziak Gerda Taro Kazetaritza Saria jaso berri du. Emakumeak zientziara erakartzeko zientzia bera aldatzearen beharra aldarrikatzen zuten hainbat ikertzailek. Uzuri Albizu Mallea matematikariak hala zioen: “Emakumeentzako espazio seguru bihurtu behar da zientzia”. Saioa berriz ikusteko aukera, hemen.
Aurten, Emakumeak Zientzian ekimenarekin bat eginik, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan bosgarrenez Elhuyarrek, eta baita “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa ere.
Eta ezin da ahaztu Elhuyarrek urte osoan egiten duela lan-eremu zientifiko-teknologikoan dagoen genero-diskriminazioa gainditzeko. Horren erakusle da Elhuyar aldizkariaren Ekinean atala, estereotipoetatik kanpo geratzen diren zientzialariei ahotsa ematen diena.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia