Elur-panteraren bizitza ezkutua argitara

Elur-pantera (Panthera uncia) Himalaian bizi den katu basatia da. Ez dakigu gauza askorik animalia horren bizitzari buruz, eta orain, Britainia Handiko Royal Geographical Society-k finantzatutako proiektuari esker, bere bizitzaren nondik norakoak aztertzeko lehen argazkiak atera dira.

Azken azterketen arabera, 2,3 milioi kilometro karratuko azaleran 7.000 ale bakarrik daude, eta kopurua azkar ari da jaisten. Oso ohikoa da Himalaiako artzainek haien artaldeak babesteko pantera hiltzea. Gainera, batetik duten larru preziatuarengatik ere ehizatzen dituzte eta, bestetik, txinatar medikuntzan elur-panteraren hezurrak tigreen hezurren ordezko gisa erabiltzen hasi dira.

Azterketa berria egiteko, urrutiko kontrolez gidatutako kamerak erabili dituzte. Teknika horren bidez, elur-pantera kontserbatzeko egiten ari diren ahaleginen emaitzak zenbaterainokoak diren neurtu ahal izango dute; eta, gainera, populazioak neurtzeko sistema berriak garatu ahal izango dira.

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali