}

Eltxorik gabeko mundua; bai mundu zoragarria?

2010/09/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Imajinatu eltxoak desagertu egiten direla. Mundua orain baino hobea litzatekeela dirudi. Izan ere, gaixotasun larri askoren hedatzaileak dira; eltxorik gabe, ez lirateke transmitituko malaria, sukar horia, dengea, entzefalitis japoniarra, Rift haraneko sukarra, Nilo mendebaldeko birusa..., eta, beraz, heriotza asko saihestuko lirateke. Egin kontu: urtean, 247 milioi pertsona kutsatzen dira malariaz, eta milioi bat inguru hil egiten da.

Gaixotasunak alde batera utzita, izurriek sortzen dituzten arazoengatik ere guztiz onuragarria dirudi eltxoak erabat desagertzea. Hain zuzen, Kanadako ipar-ekialdetik hasi eta Errusiaraino, milioika eta milioika eltxo jaiotzen dira izotza urtu orduko. Hiruzpalau astean, heldu bihurtzen dira, denak batera; une batzuetan, hodei trinkoak eratzen dituzte. Pertsonentzat jasangaitzak izateaz gain, kaltegarriak dira, besteak beste, karibuentzat: karibu bakoitzari egunean 300 mililitro odol zurrupatzen diote eltxoek. Haientzat ere hobea litzateke eltxorik gabeko mundu bat.

Emakumezkoaren eta gizonezkoaren gorputz erakargarrienaren proportzioak zein diren jakiteko ikerketa egiten ari dira Internet bidez. Argazkian, Leonardo da Vinciren irudia.
(Argazkia: CDC)

Baina eltxoak desagertzeak izan al dezake albo-ondorio kaltegarririk? Galdera hori egin die Nature zientzia-aldizkariak hainbat adituri. Tartean, biologoak, ekologoak, sendagileak eta entomologoak daude, eta denak ez datoz bat, inondik inora ere. Batzuentzat onurak baino ekarriko ez lituzkeen arren, beste batzuentzat ez luke ondoriorik izango edo kaltegarria izango litzateke.

Nature aldizkarian aipatzen dutenez, 3.500 eltxo-espezie ezagutzen dituzte zientzialariek, eta haietatik 200 inguruk baino ez diete ziztatzen pertsonei. Kontinente eta habitat guztietan bizi dira, eta funtzio garrantzitsuak dituzte hainbat ekosistematan. Ehun milioi urte baino gehiago daramatzate Lurrean, eta espezie askorekin batera eboluzionatu dute. Horrenbestez, zenbait adituk uste dute eltxoak garrantzitsuak direla. Besteak beste, esan dute eltxoak galduz gero harrapari batzuk harrapakinik gabe geldituko liratekeela, eta, landare batzuk, polinizatzailerik gabe.

Frogak eta bestelako iritziak

Adibideak ere eman dituzte; esaterako, Camarguen, Frantzian, egindako ikerketa bat. Hiriko parke batean eltxoen aurkako mikroorganismo bat zabaldu zuten, spray bidez. Enara azpizuriak eltxoz eta beste intsektu batzuez elikatzen direnez, eltxorik gabe geratzeak haiengan ondoriorik ote zuen jakin nahi zuten. Eta emaitza esanguratsua jaso zuten: spraya bota ondoren, hegaztiek batez beste bi txita izan zituzten; kontrol-taldekoek, berriz, hiru.

Hegazti askok ez ezik, armiarmek, igelek, sugandilek, muskerrek, arrainek eta beste hainbat animaliak ere jaten dituzte eltxoak. Bestalde, uretan dagoen materia organiko hila deskonposatzen dute eltxoek, eta landareentzako gaiak askatzen dituzte; adibidez, nitrogenoa.

Gainera, landare-mota askoren polinizatzaile dira. Eta haiek desagertzeak ez lituzke landareetan bakarrik izango ondorioak. Azkenean, guri ere eragingo liguke: Dina Fonseca ekologo eboluzionistaren esanean, tropikoetako eltxo-mota bat desagertzeak "txokolaterik gabeko mundua" ekarriko luke.

Hala eta guztiz ere, aditu askok uste dute eltxoek ekosistemetan utzitako lekua erraz beteko luketela beste bizidun batzuek. Baina, sendagile batzuen esanean, ondorio ekologiko nabarmen bat bai izango luke: "jende gehiago izango dugu". Hortaz, baten batek pentsa lezake eltxoei ugaltzen uztea neurri egokia izan daitekeela gainpopulazioa kontrolatzeko. Sendagileek ez dute halakorik esan, ordea; aitzitik, gaitzak sendatzen aurreztutako dirua elikaduran eta hezkuntzan erabil daitekeela iradoki dute.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia