}

Eltxo transgenikoen etorkizun iluna

2003/02/21 Elhuyar Zientzia

Malariaren kontrako borrokan, gaixotasuna transmititzen ez duten eltxo transgenikoak sortzea da aukeretako bat. Genetikoki eraldatutako eltxoak sortu eta naturan askatu, besteak ordezka ditzaten, edo biak nahasi eta erresistentzia hurrengo belaunaldietara pasa dadin.

Ikertzaileek badakite zein gene eraldatu behar den, eta erresistentzia nola lortu ere bai. Baina, hala ere, bide horretatik oso zaila izango da malaria desagerraraztea. Londresko Imperial Collegen egindako ikerketen arabera, eltxo transgenikoek ez dute naturalei gailentzeko ia aukerarik. Batera jarri dituzten aldi oro, naturalek erraz garaitu dituzte jana eskuratu eta ugaltzeko borrokan. Lau belaunalditan, erresistenteak desagertu egiten ziren, eta, Afrikako toki askotan, uda bakar batean.

Arrakasta izateko, toki jakin batean ezin konta ahala milioika eltxo askatu beharko lirateke ikertzaileen ustez, eta hori garestiegia da. Aukera errealen gainetik dago, eskalan eta dirutan. Beraz, esperantza botika tradizionaletan jarri beharko da, Patarroyoren txertoan, adibidez.

Informazio osagarria:
Malariari buruzko dosierra

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia