}

Elkarte zaharra

2003/01/20 Elhuyar Zientzia

Hainbat inurriren eta onddoren arteko elkartean, hirugarren partaide bat aurkitu dute.

Zenbait inurrik zuhaitz batzuen hostoak mozten dituzte; gau bakar batean, zuhaitz oso bat utz dezakete hostorik gabe. Dena dela, hosto horiek ezin dituztenez digeritu, onddo batzuekin batera egiten dute lan. Sinbiosi eraginkorra da. Onddoek digeritzen dituzte hostoak, eta inurriek onddo-koloniak zaintzen eta 'hazten' dituzte. Sinbiosi horrek 50 milioi urte ditu.

Orain, Kansas Unibertsitateko biologo estatubatuar batzuek ikusi dute elkarte horrek hirugarren bazkide bat ere izan duela: mikroorganismo bat. Mikroorganismo hori ere onddoa da, eta onddo handiarentzat patogenoa da. Koloniak kutsatzen ditu, eta sinbiosiaren partaideei trabak jartzen dizkie. Batzuetan, kolonia osoak suntsitzen ditu patogenoak.

Zientzialariek patogenoaren arrastoari jarraitu diote DNA aztertuta, eta elkartean hasieratik parte hartu duela aurkitu dute. Hiru espeziek elkarrekin eboluzionatu duten adibideak ez dira ohikoak; gutxi ezagutzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia