}

Elikagai-krisietan komunikazioa da giltza

2011/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

elikagai-krisietan-komunikazioa-da-giltza
Arg. Elhuyar Fundazioa

"Azken aldiko elikagai-krisiek agerian jarri dute hiritarrek ez dutela ez ulertzen ez sinesten egiten den komunikazioa". Hitz horiek José Luis Andarenak dira, Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburuordearenak, eta uztailean Gasteizen egin zen Elikaduraren Soziologiari buruzko kongresuaren irekieran esan zituen.

Berez, kongresuan ez zen elikagaien segurtasunari buruz hitz egin; hala ere, Andaren hitzaldiak elikagai-segurtasuna eta alerten komunikazioa izan zituen ardatz. Gaiak hartu duen garrantziaren adierazletzat jo daitezke, beraz, haren adierazpenak.

Hain zuzen ere, Alemaniako agintariek eta osasun-arduradunek kritika zorrotzak jaso dituzte Escherichia coli bakterioaren aldaera enterohemorragikoak eragindako alertaren kudeaketagatik. Xavier Pujol zientzia-kazetari espezializatuak, adibidez, "kaotiko" hitzarekin definitu ditu osasun-arduradunek agerraldiaren berri emateko erabilitako protokoloa eta gizarteari zuzendutako komunikazioa.

Pujolek Política Científica bere blogean idatzi duenez, zientzialariek egindako lana "bikaina" izan da, infekzio-eragilea (bakterioa) berehala identifikatu baitzuten. Aldiz, transmisio-katearen ikerketa ez zen behar bezain egokia izan, inondik inora ere. Horrenbestez, "trazabilitate-sistema berrikusteko eta indartzeko beharra" dagoela ondorioztatu du. Dena den, komunikazioari egin dizkio kritikarik gogorrenak: "arinegi jokatu dute, baldar eta arduragabe, eta behin eta berriro, gainera".

Alemaniako krisia alde batera utzita, garai bertsuan gure inguruan beste albiste batek ere sortu zuen kezka kontsumitzaileen artean, beste maila batean izan bazen ere. Hain zuzen, uda-hasieran jakinarazi zuten arrain urdina jatea osasunerako arriskutsua izan zitekeela, merkurioa duelako. Arrain-mota hori jateko sasoi betea zen arren, kontsumitzaile askok baztertu egin zuten, komunikabideek emandako izenburuekin izututa.

Arriskua ez da alerta

Testuinguru horretan, elikagaien segurtasunaz arduratzen diren adituek uste dute garrantzitsua dela ondo bereiztea zer den alerta eta zer arriskua, jarraitu beharreko protokoloak eta jarraibideak ez bailirateke berdinak kasu batean eta bestean. Izan ere, egoera batek eta besteak gizartean izan dezaketen eragina ez da berdina, ezta kontsumitzaileek izan behar duten jokabidea ere.

Isabel Martínez Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren zuzendaria. Arg. Ana Galarraga

Iritzi horretakoa da, besteak beste, Isabel Martínez, Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren zuzendaria. Hark zehaztu duenez, E.coli enterohemorragikoaren kasua alerta bat da, eta arrain urdinarena, berriz, arrisku bat.

"Hau da, batean badugu eragile kaltegarri bat, eta arduradunek erabakiak hartu behar dituzte kontsumitzaileak babesteko. Aldiz, arrain urdin batzuek duten merkurioa arriskutsua izan daiteke, bai, baina soilik populazioaren talde batentzat, eta merkurio-kontzentrazioa oso handia bada; ez beti. Hortaz, horrelakoetan, arduradunek kontsumitzaileak informatu behar dituzte, kontsumitzaileak berak gai izan daitezen zuhurtziaz jokatzeko", azaldu du Martínezek.

Hori horrela izan dadin, ordea, informazioak argia eta ulerterraza izan behar du, eta, Martínezen ustez, arrain urdinaren merkurioaren kasuan, ez zen hala izan: "Neurriz kanpoko alarma sortu zen. Horrelakorik ez gertatzeko, ezinbestekoa da komunikazio-estrategia egoki bat diseinatzea; eta ez da nahikoa arriskua dagoenean horren berri ematea, informazioa jarraitutasunez eman behar da".

Komunikazioaren gakoak

Elikagaiei buruzko informazioak jarraitua izan behar duela onartuta ere, alerta-kasuetan ezinbestekoa da azkar erreakzionatzea. Martínezek, hala ere, azkartasunari bezainbesteko garrantzia ematen dio koordinazioari, neurriak hartzean eta komunikazioa egitean: "Bat-batekotasuna saihestu behar da".

Hala, erakunde arduradunek prest dituzte protokoloak, helburu nagusi honekin: produktu arriskutsuak elikagai-katean sartzea eragoztea. Horrez gain, protokoloen zeregina da bermatzea informazio zuzena eta osatua ematen zaiela eragile guztiei, hala nola ekoizleei, kontsumitzaileei eta agintariei. Komunikazio horretan asmatzea funtsezkoa da.

Izatez, hori guztia ez da berria. 2003an, janari batzuek zuten akrilamidaren ondorioz sortu zen krisiaren ondoren, komunikaziorako oinarrizko lezioak biltzen zituen txosten bat argitaratu zuen EUFICek, Elikagaien informaziorako Europako Kontseiluak. Hurrenez hurren, hauek ziren oinarrizko lezio horiek: zure publikoa ezagutu; mezu egokia prestatu; ez puztu arriskuak edo gertaerak; ez nahastu zientzia-erakunde gehiegi; komunikazio proaktiboa erabili (gardentasuna); kontuan izan xehetasun guztiak ematea ez dela beti lagungarria; ez aipatu markak; komunikabideak lagun egin; iturri fidagarriak erabili; eta komunikazio-hutsunea gertatzea saihestu.

Janarien jatorria ezagutzea da trazabilitate-sistemen helburua. Horretarako, elikagai-katearen puntu bakoitzak behar bezala identifikatuta egon behar du. Arg. Peggy Greb/ARS

Orain, Alemaniako krisiaren harira erakunde berak plazaratu duen txostenean, puntu berberak aipatzen dira gutxi gorabehera. Berritasun aipagarri bakarra dago; sare sozialei buruzkoa, hain justu. Komunikabide tradizionalez gain, sare sozialak ere aintzat hartu behar direla uste du EUFICek.

Komunikazioan, zenbait faktorek eragiten dutela ohartarazi du Martínezek: arrisku-maila, arazoak hartzen duen eremua (mugatua den edo hedatua), urtaroa (janari batzuk sasoi jakin batekoak baitira), agerraldiak izan dezakeen bilakaeraren aurreikuspena, eta eragin gurutzatuak (adina, osasun-egoera, eguraldia...).

"Eta badira gehiago. Horien guztien arabera, komunikazioa era batekoa edo bestekoa izango da, eta batzuei edo besteei zuzenduko zaie. Hori bai, betiere anbiguotasuna baztertu behar da; mezuak argia izan behar du, ez du oker ulertzeko biderik eman behar. Hori ezinbestekoa da jendeak mezua zuzen jaso eta zer egin behar duen jakin dezan".

Zarata saihestea ere premiazkoa iruditzen zaio: "alde jakin baten aldeko edo kontrako informazio interesatua zabaltzea eragotzi behar da". Horrekin batera, uste du mezu kontrajarriak ere baztertu behar direla, "adibidez, ezin da esan ez dagoela arriskurik eta, izatekotan, epe luzera egongo litzatekeela; izan ere, horrek egonezina sortzen du, eta antsietatea eragin dezake kontsumitzaile askorengan". Azkenik, ezer esaten ez duten mezuak ere baztertzekoak direla dio: "komunikazioak informatu egin behar du; bestela, alferrikakoa da".

Esate baterako, Alemaniako kasuan, Martínezek uste du aipatutako irizpide asko ez zirela kontuan hartu: "Hasieratik, hutsuneak egon ziren planifikazioan eta koordinazioan. Gainera, frogatutzat eman zituzten susmoak besterik ez zirenak, eta informazio kontraesankor asko kaleratu zen. Horrenbestez, neurriz kanpoko alerta sortu zen, eta, are okerrago, kontsumitzaileak ez ziren babestuta sentitu. Ez da harritzekoa, beraz, orain errezeloa azaltzea, bai janariekiko, bai agintari eta arduradunekiko".

Aurretik, prebentzioa

Nolanahi ere, alerta-egoeren aurretik prebentzio-neurriak daudela nabarmendu du Martínezek. "Prebentzio-politikak funtsezkoak dira. Hala ere, jendeak jakin behar du zero arriskua ezinezkoa dela".

Salmonellarekiko erresistenteak diren barietateak ikertzen ari dira Floridako Unibertsitatean. Arg. Floridako Unibertsitatea

Prebentziorako tresna baliotsuenetako bat arriskuen analisia da. Behi eroen krisiaren ondoren, Europako Batasunak elikagai-segurtasunari buruzko Liburu Zuria atera zuen, eta, horretatik abiatuta, lurralde bakoitzeko arduradunek arriskuen analisia egiteko bideak ezarri zituzten. Horretarako, batzorde zientifikoak edo aditu-taldeak eratu zituzten.

Batzorde horiek independenteak dira, eta haien zeregina da elikagaiei buruzko informazio guztia aztertzea, eta, gero, txosten bat argitaratzea, arrisku bat gertatzeko probabilitatearen eta larritasunaren berri emanez.

Arriskuaren kudeaketa

Hortaz, administrazioak txosten zientifikoetan oinarritzen dira elikagai-segurtasunerako politikak diseinatzeko. Hala ere, Martínezek argitu duenez, administrazioek bestelako faktoreak ere hartzen dituzte kontuan: sozialak, ekonomikoak, etikoak, klinikoak, legalak, politikoak... "Hau da, arriskuaren kudeaketa administrazioek egiten dute. Zero arriskurik ez dagoela aintzat hartuta, gizarteak onar dezakeen arriskua zehazten dute, eta arriskua hori izan dadin ezarri beharreko kontrol-neurrien kostua kalkulatzen dute. Kostu hori alderatzen dute neurriek gizarteari ekarriko lizkioketen onurekin, eta, azkenean, zer neurri ezarri erabakitzen dute".

Martínezen esanean, neurrien kostuak eta gizartearen onurak alderatzea nahiko berria da: "Lehen ez zen egiten, baina orain konturatu dira arriskua gutxitzeko neurri guztiak hartzea ez dela onena beti. Esate baterako, behi eroen gaitzaren kanpainak oso garestiak dira, eta, beharbada, dagoeneko ez dira beharrezkoak, kasuren bat agertzeko arriskua oso-oso txikia baita. Bada, hori aztertzen ari dira orain". Azken finean, "baliabideak modu logikoan eta eraginkorrean" erabiltzea da helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoan 2002an eratu zen batzorde zientifikoa, eta Elika da batzorde horren idazkaritza teknikoa. Horrenbestez, arriskuen ebaluazioaz arduratzen da, eta, horrez gain, txostenen informazioa nola komunikatu aztertzen du. "Horretan ari gara oraintxe", aitortu du Martínezek. "Izan ere, ez da erraza. Begira, adibidez, zer gertatu den atunarekin: atun gorriak duen merkurioa pertsona batzuentzat arriskutsua izan daitekeela ohartarazi zen, eta jendeak hegaluzea jateari ere utzi dio. Beraz, garrantzitsua da ondo azaltzea zer espeziek duten arriskua, eta, horrekin batera, arrain urdinaren onurei buruz informatzea, kontsumitzaileak onurak eta arriskuak ezagutu ondoren erabaki dezan. Zaila da oreka lortzea, eta komunikazioan asmatzea".

Komunikazioa eraginkorra izateko, nahitaezkoa iruditzen zaio Martínezi konfiantza lantzea, ez kontsumitzaileekin bakarrik, baita komunikabideekin ere, haiek baitira erakundeen eta gizartearen arteko zubia. "Heziketa-lan bat dugu egiteko, eta horretan ari gara. Ez dugu ahaztu behar jendeak egunean hiru aldiz jaten duela gutxienez; beraz, normala da jaten duenaz arduratzea".

Europarren gehiengoa administrazioez fidatzen da
Elikagaiek sortutako arriskuei buruzko galdeketa bat egin zuen iaz Eurobarometroak. Europa osoko 26.700 pertsona inguru elkarrizketatu zituzten, eta, erantzunen arabera, gehiengoak (hirutik bik, gutxi gorabehera) badu konfiantza administrazioetan; hau da, uste dute elikagaien segurtasuna bermatzen saiatzen direla, zientzia-ikerketak aintzat hartzen dituztela, eta gizartea ondo informatzen dutela.
Aipatzekoa da europarren administrazioekiko konfiantza hazi egin dela 2005etik, orduan egin baitzuen Eurobarometroak lehen galdeketa gai horri buruz, eta orduan erdiak pasatxo zuten konfiantza administrazioan.
Kezka-iturri nagusiez galdetuta, 2010ean krisi ekonomikoa (% 20k) eta poluzioa (% 18k) aipatzen dituzte lehen tokietan, baina elikagaiak ere azaltzen dira zerrendan (% 11k aipatzen ditu). 2005ean krisi ekonomikoa ez zen agertzen erantzunen zerrendan, eta elikagaiek ere orain baino kezka txikiagoa sortzen zuten.
Bereziki, frutek, barazkiek eta zerealek izan ditzaketen pestiziden arrastoek, haragietan antibiotikoen edo hormonen hondakinek, klonatutako animaliek, eta kutsatzaileek kezkatzen dituzte europarrak. Inkesta egin zen garaian, 2010eko udaberrian, gutxiengo batek esan zuen elikagaiek izan zitzaketen bakterioek kezka sortzen ziotela. Galdeketa orain eginez gero, ordea, litekeena da emaitzak oso bestelakoak izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia