Elhuyar, Joan Jose
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1754-1796)
Joan Jose Elhuyar Zubize Logro6on jaio zen 1754ko ekainaren 15ean, Azoka kaleko etxe batean. Aita (Jean Elhuyar) Hazparnekoa zen eta Ursula Zubize ama berriz, Donibane-Lohizunekoa. Donibanen 1746an ezkonduta, gurasoak Bilbora joan ziren bizitzera )aita Parisen ikasitako kirurgilari famatua zen) eta 1753an Logroñora, han plaza aterata. Horregatik jaio ziren Logroñon Joan Joseren anai-arrebak ere: Fausto Fermin 1755.ean eta 1757. urteko abuztuaren 8an Maria Lorentza.
Joan Jose txikia zela, 1758an ama hil egin zitzaien eta aita Donibane-Lohizuneko Dominika Elizagairekin berriz ezkondu zen.
Aitaren asmoa Joan Jose eta Fausto Parisera bidaltzea zen, han berak bezala ikas zezaten. 1772an heldu ziren bi anaiak eta "Le Jardin du Roi" deitzen zioten ikastetxean aritu ziren. Mineralogia, kimika, kristalografia, fisiologia, botanika, zoologia, etab. irakasten zuten. Badakigu Joan Jose botanikan aritu zela, baina batez ere kimika ikasi zuen (bere anaia Faustok bezalaxe). Dirudienez Hilaire Marin Rouelle zen irakaslea eta haren eskutik sartu ziren kimika esperimentalean.
Garai hartan kimika iraultza handia ari zen jasaten. Bismutoa, nikela eta manganesoa adibidez, orduan aurkitu zituzten eta nomenklatura berria ere orduan ari zen ezartzen. Lavoisier, Berthollet, Guyton Morveau, Bergman, Scheele, Werner eta abarren lanak ezagutu zituen Joan Jose Elhuyarrek.
1777an Joan Jose Parisetik Bergarako Erret Mintegira (Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek sortutakora) etorri zen lanera. Hurrengo urtean bere anaia Fausto etorriko zitzaion, baina berriz ere bi anaiak Europan zehar ibili ziren metalurgia eta mineralogiako azken berrikuntzak ikasten, Espainiako itsas armadaren ministraritzak bidalita; kanoiak egiteko azken aurrerapenez jabetzea nahi baitzuten. Paris, Strasburg, Mannheim, Frankfurt, Leipzig eta abarren barrena ibili ondoren, Freiburg-en Abraham Theophile Werner-en metalurgi teknikak ikasi zituzten.
1781.ean Austriara joan ziren udaberrian eta handik Hungariara. Vienan zilarra purifikatzeko sistema asmatu zuen Born-eko baroiarekin egon ziren.
1781.ean, anaia Fausto Bergarara itzuli zen, baina Joan Josek Suediarako bidea hartu zuen. Uppsalan Bergmanen ikastaroan egon zen. Bergman mineralak sopletez analizatzen oso aditua zen eta dirudienez "wolfram"ezko laginak (orain wolframita deitzen zaion mineralezkoak) analizatzen zituen.
Joan Jose dirudienez Ingalaterratik pasata, Bergarara itzuli zen eta harez gero bi anaiek batera egin zuten lan bertan wolframioa aurkitu arte.
Argitu beharra dago Bergarako laborategia oso ongi hornituta zegoela. Tunborg Suediarra bertan izan zenean, Uppsalan Tobern Bergman-ek hobea ez zeukala aitortu zuen. Gainera 1772tik 1793.erarte ateratako Akten "Estraktoak" penintsulako lehen aldizkari zientifikotzat har daitezke.
Elhuyar anaiek, Bergarako laborategian 1782an wolframio deitutako elementu kimikoa lehen aldiz isolatu eta Gasteizko Batzar Nagusietako Aktetan argitaratu ziren erabilitako prozeduraren xehetasunak.
Gero Joan Jose Ameriketara joan zen, Nueva Granada-ko (oraingo Kolonbiako) meatzeetan aurrerakuntzak eragitera. Bere koinatu Angel Diazekin joan zen hara (Angel Diaz bere arreba Lorentzarekin ezkonduta zegoen eta metalurgian nahiz mineralogian aditua zen).
Kolonbiako meatze-ustiapenak hobetzen aritu zen eta Mutis-en espedizio botaniko famatuan ere parte hartu zuen. Mineralogian espezializatutako injineru militarren sail berezia sortzea proposatu zuen, baina ideia hura ez zen gauzatu.
Buruko atake batez hil zen Bogotan, 1796ko irailaren 20an.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia