Elhuyar hiztegi elebiduna internet-en
1999/12/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Internet-en gehien erabiltzen diren zerbitzuetakoak hiztegiak dira. Jende askok dauka Internet-era jotzeko ohitura hiztegi bat kontsultatu nahi duenean. Aukera hori eskaintzen duten hiztegi ugari daude, eta badaude hitz baten ordaina hizkuntza ugaritan ematen dizutenak ere, baina oraindik ez zegoen euskara-gaztelania hiztegi elebidun orokorrik.
Orain, ordea, Elhuyar-en Euskara-Gaztelania / Castellano-Vasco hiztegia erabilgarri dago Internet-en kontsultatu nahi duen edonorentzat. Nahikoa da www.elhuyar.com/hiztegia helbidera jotzea eta bertan bilatu nahi duzuen sarreraren ordainak, azpisarrerak, adibideak eta gainerakoak jasoko dituzue.
Internet-en jarritako hiztegian bilaketak sarrera eta gaia kontzeptuen arabera egin daiteke, bilaketa hauek konbinatu egin daitezke. Horrez gain, komodin bat erabiltzeko aukera ere eskaintzen zaigu, hau da, ez da nahitaez bilaketa zehatzik egin behar. Bilatzaileak aurkitutako sarreren zerrenda itzuliko digu, eta erabiltzaileak hautatuko du zein sarreraren informazioa jaso nahi duen. Behin sarrera batean klik eginda, beraren adierak, adibideak, azpisarrerak eta gainerako informazioa erakutsiko da. Informazio hori inprimatu edo kopiatu egin daiteke, ondoren Word edo beste edozein aplikaziotara eramateko.
Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen baten ondorioz jarri du Elhuyarrek hiztegia on-line. Lehen fase honetan Elhuyar hiztegi txikia jarri da. Dena dela, asmoa da urte-hasierarako Elhuyar hiztegi handia jartzea. Hiztegia on-line izateak erabiltzaileentzat abantaila ugari ditu: ordenadoretik sarrerak era erosoan kontsultatu eta inprimatzeko aukera izateaz gain, Internet-en egongo den hiztegiak beti izango du paperezkoak baino egunerokotasun handiagoa, Internet-ek duen bizitasunaren ondorioz.
Elhuyarren hiztegi elebidunak
Euskara-Gaztelania / Castellano-Vasco hiztegia 1996. urteko maiatzean kaleratu zen lehen aldiz liburu-formatuan. Urte berean, CD-ROM formatuan plazaratu genuen; liburuan ezin egin daitezkeen bilaketa konplexuak azkar egiteko aukera ematen du bertsio elektronikoak. Ikasleari begira, Elhuyar hiztegiaren anaia txikia den Elhuyar hiztegi txikia kaleratu genuen iaz liburu-formatuan, eta oraingo honetan, familiaren seniderik gazte eta biziena da kaleratutakoa: Elhuyar hiztegia on-line.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia