}

Elhuyar anaiak...

1995/10/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joan Jose eta Fausto Fermin Elhuyar Lubize anaiak, Logroñon hurrenez hurren 1754-VI 15ean eta 1755-X-11n jaio ziren. Joan Elhuyar aita zirujau famatua zen; Hazparnen jaioa eta Donibane-Lohizuneko Ursula Lubizerekin ezkondua.Ursula ama hil zenean, Joan Elhuyar berriz ezkondu zen bere Joan Jose, Fausto eta Maria Lorentza hobeto zaintzearren.

1772. urtean Joan Jose eta Fausto Fermin anaiak Parisera joan ziren “Le Jardin du Roi” ikastetxean ikasketak egitera. Han batez ere kimika eta mineralogia landu zituzten, baina botanika, zoologia eta abar ere bai.

1777. urtean Joan Jose Parisetik Bergarako Erret Mintegira (Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek sortutakora) etorri zen lanera eta hurrengo urtean, 1778.ean, anaia Fausto ere bai. Laborategian aritu ziren bi anaiak lanean, baina handik laster joan ziren Europan barrena (Paris, Strasburg, Mannheim, Freiburg, Leipzig eta abarrera) metalurgia eta mineralogiako azken berrikuntzak ikastera. 1781.ean Austrian eta Hungarian batera ibili ondoren, Fausto Bergarara itzuli zen eta Joan Josek Suediako Uppsalara joanda wolframita minerala analizatzen ikasi zuen Bermanen eskutik.

Joan Jose 1782. urtean itzuli zen Bergarara eta bi anaiak laborategian wolframioa isolatzen saiatu ziren. Baita munduan lehen aldiz elementu kimiko hau isolatzea lortu ere. Aurkikuntza nagusi haren berri 1783. urtean eman zen Herri Lagunen Gasteizko Batzarre Nagusian.

Gero Fausto Fermin Alemania eta Hungarian ibilita Mexikora joan zen. Han “Real Seminario de Minas” izeneko erakundea sortu zuen; hango lehen injineru-eskola, alegia. 1821.ean Espainiara itzuli zen eta Madrilen hil zen 1833. urteko urtarrilaren 6an.

Joan Jose anaia Kolonbiara joan zen eta hango meatzeak hobetzen saiatu zen. 1796. urteko irailaren 20an hil zen Bogotan.

... zergatik?

Buruz ari naiz eta horretan edo hartan oker egon naiteke. Gogoan dudana, dena den, honako hau da. Batetik, injineru-eskolan ibilitako eta han genbiltzan batzuk, emakumezkorik ez zen artean, astero-astero biltzen hasi ginen. Zientzi eta teknika-gaiak euskaraz idazten ari ginen.

Mikel Zalbide
Argia

Halako batean, ez berehala, aldizkari bat sortzeari ekin genion. Izena behar horretarako, diruaz eta lege-babesaz gainera. Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais-era jo genuen, besteak beste, babes bila.

Elkarte horrek XVIII. mendearen bigarren erdialdean zientzi-tekniken alorrean egindakoaz ezaguera zuzenagoa izan ahala, Elhuyar anaien biografiarekin topo egin genuen. Norbaiti, ez dut gogoan nori, aldizkariari anaia horien deitura ematea okurritu zitzaion eta gainerakooi ondo iruditu: horra Elhuyar aldizkaria eta haren garapenez, izen bereko taldea (lehenik) eta elkartea (geroago).

Izena nola idatzi ordea, Elhuyar edo El(h)uiar? Bagenekien Mitxelena batek, adibidez, bere Apellidos Vascos lanean El(h)orri + (e)ihar osagaietan banaturik azaltzen zuela. Guk nola eman behar genuen, ordea, orain? Bietarako aldekoak genituen gure artean. Luis Villasante euskaltzainburuari galdetzea erabaki genuen. Baita egin ere, Donostian eman zuen hitzaldi baten ondoan. Aukera bien on-gaitzak pisatu eta neurtu ondoren, “kasik bere orduko idazkeran uztea hobeto izango duzue” iradoki zigun. Berak esan eta guk egin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia