Elektrokardiografia klinikoa
2008/03/01 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elektrokardiografia klinikoa kontsulta-obraren egileek elektrokardiograma irakurtzeko modua jasotzen dute, eta elektrokardiogramaren inguruan sakontzeko beharrezkoak diren bestelako gaiak lantzen dituzte. Osasun-arloko ikasleek, irakasleek nahiz medikuek erabiltzeko moduko liburua da. Lan honek 2003an jaso zuen Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen Agote saria, osasun-arloko ikasliburuen argitalpenak bultzatzeko saria, hain zuzen ere. Langai nagusiak hauek dira, besteak beste: bihotz-zelularen elektrofisiologia, elektrokardiograma egitea, elektrokardiograma normala eta elektrokardiogramaren interpretazioa, barrunbeen hazkundea, bentrikulu barneko blokeoak, kardiopatia iskemikoa, erritmoa sortzeko arazoak...
Karlos Ibarguren Donostia Ospitaleko Larrialdiak saileko mediku adjuntua da gaur egun, eta Felix Zubia, berriz, ospitale bereko Zainketa Intentsiboen Unitatekoa. Baina egileak ez dira bakarrik egon erronka honetan, eta honako profesional hauen laguntza izan dute liburua idazteko: Cristina Agirre, Mendaroko Ospitaleko medikua; Jose Jesus Artaetxebarria, Donostia Ospitaleko erizaina; Karlos Reviejo, Gipuzkoako Poliklinikako medikua; eta Rikardo Arrue, Izaskun Azkarate, Lucia Elosegi, Haritz Iraeta, Marta Iriarte, Angel Mendia eta Arantza Mugialdai, Donostia Ospitaleko medikuak.
Liburua dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan nahiz Elhuyar Fundazioan bertan, 24,50 ? -tan.
Lehenago ere argitaratu izan du Elhuyar Fundazioak Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak saritutako lan bat. Duela bi urte, Edurne Ugarte medikuak idatzi zuen Patologia Orokorra liburua argitaratu zuen. Obra hartan, patologiaren atal orokorra, arnas aparatua eta zirkulazio-aparatua landu zituen egileak, mila orrialdeko liburu mardulean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia