Elektrizitate-iturrien kutsadura-rankinga
2008/11/01 Urruzola Arrate, Manex - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egungo energiaren eskuragarritasunak eta oparotasunak erosotasunaz eta mugikortasunaz gozatzeko aukera ematen dio jende askori, aurrekaririk gabeko neurrian. Baina, horretarako, sua erabiltzen hasi aurretik baino 100 bider energia gehiago xahutzen du gizakiak batez beste. Eta energia-kontsumo horrek berekin dakartzan kutsadura eta ingurumen-kaltea kontuan hartzekoak dira.
Energia-ekoizpen osoaren heren bat elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Gainerakoa garraiora eta berokuntzara bideratzen da batez ere. Elektrizitatea sortzeko, energia-iturri bat baino gehiago ustiatu behar dira: ikatza, petrolioa, gas naturala edota uranioa, besteak beste. Izatez, elektrizitatea energia eraginkor eta garbia da kontsumorako, baina bere sorkuntza-fasean eragiten ditu ingurumen-kalteak.
Dena dela, energia-iturri guztiak maila berean jartzea ez da zilegi, kutsadurari dagokionean behintzat. Ezin da orokortu. Elektrizitatea ekoizten duten teknologia guztiek kutsatzen dute gehiago edo gutxiago. Beraz, elektrizitatea kontsumitzean, edozein kasutan, ingurumena kutsatzen ari gara. Hori horrela da ezinbestean. Baina, konparatzen hasita, aldea dago batetik bestera. AUMA ingurumen- eta energia-aholkularitza enpresa katalanak gauzatu berri duen ikerketak argi erakusten du hori: elektrizitate-iturriek dituzten ingurumen-eraginen artean desberdintasun handiak ageri dira.
Lortutako emaitzek argi adierazten dute erregai fosilak erabiltzen dituzten teknologiek dutela ingurumen-eraginik handiena. Horietatik, ikatzak eta petrolioak kutsatzen dute gehien, eta lignito-zentralak dira guztietan kutsakorrenak. Ingurumen-eragin txikiena duten zentralak, berriz, zentral hidroelektrikoak eta eolikoak dira.
Iturri kutsakorrenen ustiaketa
Emaitzen atzean, datu deigarriak ageri dira. Izan ere, ingurumen-eraginik handiena duten energia-iturriak dira gehien ustiatzen direnak. Elektrizitatea sortzeko munduan gehien erabiltzen den erregaia da ikatza, alde handiarekin. Espainiar estatuko elektrizitate-sistemari dagokionez, ikatza eta gas naturala dira ustiatuenak; bien artean estatuko energia elektriko osoaren erdia sortzen dute, eta nuklearrak gertutik jarraitzen die.
Horren erantzuleak arrazoi ekonomikoak dira batez ere. Erregai fosilak eta energia nuklearra ustiatzea teknologikoki oso merkea izan da beti, energia berriztagarriekin alderatuta. Gainera, zentral termikoek erabilgarritasun ia erabatekoa izaten dute urte osoan zehar, eta askoz gehiago ekoizten dute energia berriztagarrien aldean. Izan ere, berriztagarrien ekoizpena eguraldiaren menpe dago neurri handi batean --eguzkia, haizea eta ur-emariak ez daude beti bermaturik--. Merkatu elektrikoak ekoizle bakoitzari sortutako kWh edo energia-unitate kopuruaren arabera ordaintzen dionez, negozio-aukera handiak eskaini izan dituzte gehien kutsatzen duten ekoizpen-teknologiek. Gauzak aldatzen ari dira, ordea, gutxika bada ere.
Berriztagarrien ekoizleek gobernuetatik jasotzen dituzten pizgarri ekonomikoak kontuan hartzekoak dira. Gainera, energia berriztagarrien teknologiaren garapenak gero eta eraginkorrago bihurtzen ditu energia horiek urteak igaro ahala. Hala, gero eta merkeagoa da zentral eolikoek edo plaka fotovoltaikoek sortutako energia-unitate bakoitza. Gainera, teknologia horien ingurumen-eragina asko murriztu da azken urteetan.
Zelula fotovoltaikoen adibidea da esanguratsuena. AUMA enpresaren 1999ko eta 2008ko BZA azterketak konparatzen badira, instalazio fotovoltaikoen ingurumen-eraginaren puntuazioa ia 5 aldiz txikitu da. Plaka fotovoltaikoen materialetan dago aldaketa horren gakoa, azken hamar urteetan nabarmen hobetu baitira kalitateari eta kutsakortasunari dagokionez. Eta industria fotovoltaikoa etengabe ari da kostuak gutxitzen. Hori guztia dela eta, energia berriztagarrien instalazioak asko ugaritu dira azken urteetan, energia-eskariak eta negozio-aukerak bultzatuta.
Kalteen ondorio ekonomikoak: kanpoko kostuak
Teknologia batzuen eta besteen kostu ekonomikoez haratago, bada aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: energia-iturri bakoitzak berekin dakartzan ingurumen- eta gizarte-kostuak. "Kanpoko kostu" izenez ezagutzen dira kostu horiek, eta elektrizitate-ekoizle bakoitzak dituen ondorio ekonomikoak aztertzen dituzte: giza osasunean, ekosistemetan, uztetan, eraikinetan eta berotegi-efektuan, besteak beste. Prestige auzian izan ziren galera izugarriak edota gas kutsakorren emisioek osasun publikoan sortzen dituzten gastuak hartzen dira kontuan, adibidez.
Europako Batzordearen ExternE txostenak kanpoko kostuen diru-balioa zenbatetsi du. Horren arabera, kostu horiek argiaren fakturan adieraziko balira, ikatzetik eta petroliotik datorren elektrizitateari batez beste 5 zentimo gehitu beharko litzaizkioke kWh bakoitzeko. Aitzitik, zentral hidroelektrikoek sortutako elektrizitatearen kanpoko kostua 0,4 zentimokoa da batez beste, eta energia eolikoarena 0,15 zentimokoa besterik ez da. Balio horiek aldatu egiten dira herrialde batetik bestera, baina, dena dela, erregai fosilen eta energia berriztagarrien arteko aldea nabaria da. Txostenaren egileen iritziz, datuok kontuan hartu beharko lirateke ekintza politikoetan, adibidez, erregai eta teknologiarik kaltegarrienei zergak edo ekotasak ezarriz, edota koste sozioekologiko gutxien duten elektrizitate-ekoizleei pizgarriak eskainiz. Gaiak erpin asko ditu, ordea, eta ikusteko dago aurrerantzean zer neurri hartuko diren.
Etorkizunerako erronkak
Energiaren eskaria etengabe ari da hazten urtetik urtera, eta sistema elektrikoak energia-iturri guzti-guztiak ditu beharrezko eskari horri erantzuteko: argudio hori indarra hartzen ari da azken boladan. Gainera, desabantailak onartu arren, etorkizunean energia nuklearra eta ikatza berrindartu egin beharko direla uste du aditu askok, batez ere petrolioaren krisiak utziko duen hutsunea nolabait bete beharko dela argudiatuz.
Petrolioaren eta gas naturalaren erreserbek hamarkada batzuetarako besterik ez dute ematen. Egungo ekoizpen-mailarekin eta orain arte ezagutzen diren erregai-hobiekin, petrolio-erreserbak 40 urte ingururako soilik daude bermaturik, eta gas naturala 60 urterako besterik ez da geratzen. Ikatza, bestalde, hiru mende igaro baino lehenago agortuko da. Gainera, erreserbena ez da energia-sektorearen arazo bakarra, mundu mailan izaten ari den kontsumoaren hazkunde esponentziala ere kontuan izatekoa baita.
Ezingo da, beraz, gehiago hornitu gutxiagorekin: soka eten egingo da batetik edo bestetik. Etorkizuneko gizartean, zibilizazio-eredua eta kontsumo-ohiturak aldatu egin beharko dira halabeharrez, benetako energia-bideragarritasuna lortze aldera.
Baina horrek ez du zertan hondamendia izan: mundu zabalean badira adibide esanguratsuak. Japonian, adibidez, oso jende gutxik erabiltzen du auto partikularra batetik bestera ibiltzeko, eta pertsona bakoitza auto baten jabe izatea pentsaezina da gizarte hartan. Londresen, berriz, hirigunera sartzeko kobratzen hasi zirenean konpondu zen trafikoa, eta Danimarkan ibilgailuen jabeei zergak asko igotzen zaizkie. Gehiengoaren nahiaren kontrako erabakiak dira, baina ez da maniobra-tarte handirik izango.
Etorkizun hurbilean zein neurri hartuko diren eta neurri horien aurrean gizarteak nola erantzungo duen ikusi beharko da. Eta hori guztia nola kudeatzen den izango da gakoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia