}

Elefantearen eta beste batzuen berezitasun genetikoak, gako gure gaitzak ulertzeko

2018/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

elefantearen-eta-beste-batzuen-berezitasun-genetik
Elefantea, hibernatzen duten saguzarrak, orka, izurdea, sator-arratoi biluzia (Heterocephalus glaber) eta Ictidomys tridecemlineatus karraskariaren genomen zati jakin batzuk ikertzen ari dira, zenbait gaixotasun hobeto ulertzeko gakoak eman ditzaketelakoan. Arg. Ferris et al./Cell Reports

Elefanteak, hibernatzen duten saguzarrek, orkak, izurdeak, sator-arratoi biluziak (Heterocephalus glaber) eta Ictidomys tridecemlineatus karraskariak berezitasun bat dute gainerako ugaztunekin alderatuta: bai gizakietan bai beste ugaztunetan berdinak diren genoma-zati batzuetan aldaketak eragiten dituzten eremuak dituzte. Bada, aldaketa horiei jarri diete arreta Utah-ko Unibertsitateko ikertzaileek. Izan ere, medikuntzaren ikuspegitik ezaugarri interesgarriak dituzte zazpi espezie horiek, eta susmatzen dute gakoa aldaketetan egon daitekeela.

Hala, elefantearen genomatik ateratako ondorioak argitaratu dituzte orain Cell aldizkarian. Helburua zen jakitea zergatik elefanteek ez duten minbizia izaten, hain handiak izan arren. Eta ikusi dute DNAren kalteei erantzuten dieten geneen erantzunaz arduratzen den genoma-zatia aldatuta dutela. Zehazki, erantzuna azkartzen duten eremuak dituzte erantzuteaz arduratzen diren geneen inguruan. Berezitasun hori eboluzio azkarraren ondorio dela azaldu dute ikertzaileek.

Berez, gure genoman ere baditugu gene horiek; hortaz, ikertzaileek uste dute litekeena dela haietan eragitea, erantzuna hobetzeko, elefanteetan bezala. Beste animalietan ere gako baliagarriak aurkitzea espero dute; adibidez, sator-arratoi biluzian, giza glaukomarekin lotuta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia