Eleaniztasunak azkar zahartzetik babesten duela iradoki dute Europako 27 herrialdetan egindako ikerketa batean. Lucia Amoruso Ikerbasque eta BCBLko ikertzaileak gidatu du nazioarteko ikerketa hori. Guztira, 51-90 urte bitarteko 86.000 pertsonaren datuak aztertu dituzte, eta ikusi dute erlazioa dagoela hizkuntza bat baino gehiago hitz egitearen eta zahartze-prozesuaren abiaduraren artean.
Nature Aging aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Zehaztu dutenez, ikertzaileek parte-hartzaile bakoitzaren benetako adin kronologikoaren eta adin biologikoaren arteko aldea kalkulatu dute, adimen artifizialeko eredu bat erabilita.
«hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek goiz zahartzeko arrisku bikoitza dute, besteekin alderatuta»
Haren barruan, kontuan hartu dituzte arrisku faktoreak (hipertentsioa, diabetesa, lo-arazoak, entzumen-galera, emakumea izatea…) eta faktore babesleak (hezkuntza, kognizioa, gaitasun funtzionala eta jarduera fisikoa). Halaber, alderdi sozialak (barne produktu gordina, egiturazko diskriminazioa, genero-berdintasuna, migrazioa), soziopolitikoak (alderdi politikoen askatasuna, boto-eskubidea, tokiko demokrazia), linguistikoak (hizkuntzen arteko distantzia, hizkuntza instituzionala) eta ingurunekoak (airearen kalitatea). Emaitzen arabera, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek goiz zahartzeko arrisku bikoitza dute, besteekin alderatuta.
Narriadura fisikoa ere
Lehendik ere, zenbait ikerketak erakutsi dute eleaniztasunak adinarekin gertatzen den narriadura kognitiboa atzeratzen duela. Ikerketa honetan, narriadura fisikoa ere moteltzen duela ikusi dute; alegia, garuna bezala, gorputza ere babesten duela zahartze goiztiarretik. Nolanahi ere, ez dute kausalitaterik aurkitu, baina, azpimarratu dutenez, emaitzak adierazgarria izaten jarraitzen du, baita faktore linguistiko, sozial, fisiko eta soziopolitikoen arabera egokitu ondoren ere.
Ikertzaileek gogorarazi dute hizkuntzak ikasteak eta erabiltzeak garuneko funtsezko sareak aktibatzen dituztela (hala nola, arreta, oroimena eta kontrol exekutiboarekin lotutakoak), baita harreman sozialarekin lotutakoak ere. Hortaz, uste dute mekanismo horiek erresilientzia indartu dezaketela bizitzan zehar, bizi-ohitura osasungarri ezagunek egiten duten bezala.
Horrez gain, hizkuntza bat baino gehiago jakitearen eragin babeslea metagarria izan daitekeela esan dute: zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin, orduan eta babes handiagoa. Azkenik, aipatzekoa da eleaniztasuna normala dela munduko leku gehienetan. Zahartze osasuntsurako faktore garrantzitsua dela jakiteak osasun-politiketan eragin dezake.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







