Elbarrientzako ordenadorea
1997/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zenbait elbarrik eskuak ezin ditu erabili eta gainera hitz egiteko ez da gauza. Horrelakoetan zer egin dezake? Frantziako Alès hirian dagoen Objective Machine sozietateak begiaz gobernatzen den Eye Access izeneko sistema proposatzen du. Buruan jarritako kaskoak kamera txiki bat du aurrean begi-niniaren mugimenduak erregistratzeko.
Horrekin konektaturik ordenadorea dago; ordenadorearen sagua, hobeto esan. Beraz, saguak pantailan gobernatzen duen gezia elbarriaren begi-niniak erabiltzen du alde batera eta bestera, gora edo behera. Kurtsorea pantailan nahi duen puntuan duenean elbarriak begia ixten badu, ordenadorean klik egiten da, sagua zanpatzen denean bezalaxe.
Elbarriak horrela ordenadorearen bidez gauza asko egin dezake: pantailan idatzi, ahots sintetizadore baten laguntzaz hitz egin, telekopiak bidali, inprimatu edo Internetera konektatu. Programa berezi batek etxeko tresnak gobernatzeko aukera ematen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia