El Niño bihurria
2001/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Badirudi El Niño joan dela eta berriz agertu aurretik balantzea egiteko garaia heldu da. El Niñok 1997 eta 1998 urteetan egin zituen eraso handienak eta Nazio Batuek ondorio guztiak txosten batean bildu dituzte. 19 hilabeteko lana izan da eta bertan El Niñoren eragina pairatu duten 16 herrialdek parte hartu dute. Herrialde horiek prebentzioan zerk huts egin zuen eta El Niñok euren gizarteetan izan zuen eragina eman diete aditzera Nazio Batuetako adituei.
Besteak beste, El Niñoren inpaktua aztertzeko eskualde-mailako erakunde espezifikoak eratzea proposatu dute, populazio sentiberak identifikatzeko, aurreikuspenak fintzeko eta gizartea hezitzeko. Guztien artean Indiako Ozeanoko buia ozeaniko finkoak ezartzeko eskaera da aipagarriena. Informazio meteorologikoa jasotzen duten buiek Ozeano Barean dagoeneko badagoen sarea osatuko lukete.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia