}

Ekosistema arrotzean errege

2000/08/13 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Jatorriz eskualde batekoak izan baina beste batean zabaltzen diren espezieei espezie inbaditzaileak deritze. Horiek erruz ugaldu eta modu ezinhobean egokitzen dira bizileku berrira eta, askotan, "harrera-ekosistemako" jatorrizko espezieak arriskuan jartzen dituzte. Halako inbasioak munduko biodibertsitatea gordetze aldera arazo larria izateaz gain konpontzeko zailak dira.


Edozein ekosistema oreka konplexu eta hauskorrean oinarrituta dago. Erbien populazioak gora egiten badu, esaterako, horiez elikatzen diren otsoak ere ugaritu egingo dira, janaria gehitu egin baita. Baina erbi-populazioa murrizten hasten denean, otsoarenak ere berehala egingo du behera, zer janik ez baitute izango. Demagun orain gizakiak otsoak hil eta espeziea iraungitze bidean jartzen duela. Erbiek, orduan, ez dute harraparirik izango inguruan eta populazioa ikaragarri gehituko da, eztanda demografikoa bailitzan. Adibide sinple honekin espezie zehatz bat harraparirik gabeko ekosisteman ipinitakoan gertatzen dena azaldu nahi izan da. Izan ere, hori da askotan espezie inbaditzaileen kasua.


Bizidun bakoitzari bere populazioa denboran zehar egonkor mantenduko duten harrapari edo kontrol-mekanismoak dagozkio. Azken horiek, hain zuzen, euria, tenperatura, haizea etab. izan daitezke. Baina organismo bat kontrol-mekanismo horiek ez dituen ekosistema arrotzera eramaten denean, arazoak sortzen dira. Organismo arrotza ekosistema berrira ongi ez egokitzea eta desagertzea edo desoreka handirik sortu gabe egokitzea gerta liteke, baina kontrakoa ere oso ohikoa da. Hau da, inolako kontrolik gabe espezie arrotza aise ugaldu eta ugarituko da eta berezkoak diren espeziekiko gailen daitekea; eta horiek toki, elikagai eta urik gabe utziko ditu.


Edonon bizitzeko gai


Oro har, inbaditzaile biologikoak azkar hazi eta ugalketa-ziklo laburrak dituzten espezieak dira. Aldi berean, ingurune desberdinetan bizitzeko gaitasun handia dute; hau da, habitatari ez diote bizi-baldintza zorrotzik eskatzen. Hainbat ikerketaren arabera, degradazioa edo aldaketak jasan dituzten ekosistemak dira inbaditzaile biologikoen gogokoenak; haietan irmoki ezartzen dira.


Espezie inbaditzaileek jatorrizko landare eta animaliak jan ditzakete, edo eurekin ugaldu eta berezko espezien aniztasun genetikoa murriz dezakete. Aldi berean, harrera-ekosistemara patogeno eta bizkarroi berriak eramaten badituzte, jatorrizko espezieak arriskuan ipin ditzakete. Gauzak muturreraino eramanaz, inbaditzaile biologikoek harrera-ekosistema atzekoz aurrera jarri eta haren konposizioa erabat alda dezakete.


Inbaditzaile biologikoak, beraz, oso kontuan hartzeko arazoa dira; izan ere, biodibertsitatea galtzearen bigarren arrazoia –lehenengoa habitata suntsitzea da– espezie horiek dira.


Gizakiaren eskutik iritsita


Espezie inbaditzaile gehienak giza jardueraren ondorioz lekualdatu dira, kasurik gehienetan helburu ekonomikoak direla eta. Emankortasuna maximoa izan dadin, leku askotan industri-nekazaritza bultzatu da; hau da, landa-eremu zabalean labore bakarra ereiten da. Industri erabilera horiek, azkenerako, aniztasuna murriztea eta malgutasuna galtzea eragiten dute. Laborantza mota hori egiten denean, aniztasuna ehunka espezietatik espezie bakarrera jaisten da. Monolaborantzan erabilitako espezie asko, gainera, exotikoak dira; jatorriz beste nonbaitekoak dira, alegia. Espezie horiek labore-lurretatik eta nekazarien kontroletik "ihes egin" eta inguruko lurretan zabaltzen direnean inbasioak gertatzen dira.


Oro har, bi inbaditzaile kategoria bereizten dira: nahita sartu diren inbaditzaileak eta nahi gabe sartu diren inbaditzaileak. Nahita sartu direnak lehen aipatutako monolaboreak dira, esaterako. Keniako Viktoria aintziran jazotakoa ere esanguratsua da alde horretatik. Bertan 200 arrain-espezie endemikotik gora bizi ziren 50eko hamarkadaren amaieran. Baina 1958. urtean Niloko perka, Nilo ibaian bizi den harrapari bikaina,aintzirara eraman zuten eta 1962 eta 63an populazioa handiagotu egin zuten. Urtebete geroago Niloko perka Ugandan aurkitu zen eta 1970erako Kenian erabat kokaturik zegoen. Inbasioaren ondorio biologikoak: Viktoria aintzirako arrain-espezie endemikoak desagertu egin dira ia eta elikadura-sarea ezagutezin izateraino aldatu da. Bestelako ondorioak: batetik, Niloko perka janari-iturri bikaina da Viktoria aintziraren inguruko biztanleentzat; bestetik, bizkor garatzen ari den industria txikiaren oinarria da. Jatorrizko faunarentzat hondamendia izan dena aktibo ekonomiko garrantzitsu bihurtu da bertako biztanleentzat.


Nahi gabe sartu diren inbaditzaileak inor konturatu gabe ekosistema arrotzean sartzen diren espezieek osatzen dute. Horiek ere askotan eta askotan gizakiei esker bidaiatzen dute leku batetik bestera. Kanada eta Estatu Batuen arteko Aintzira Handietan ikusi denez, bertan ezarri diren zenbait muskuilu-, arrain- eta arkakuso-espezie itsasontziekin batera ailegatu ziren. Hutsik bidaiatzen duten zamaontziek egonkortasuna handiagotzeko ura erabiltzen dute lasta gisa, eta kargamentua jaso dutenean ura askatu egiten dute. Jatorrian jasotako urarekin batera, ontziek espezie bizidun ugari harrapatzen dituzte; ura helmugan botatakoan, espezie horiek guztiak ere askatu egiten dituzte. Aintzira Handietako espezie arrotz ugari bide horretatik iritsi eta, ondoren, bidaiarien ontzi txikien bidez kontinente osora hedatu dira. Intsektuak ere gizakioi esker higitu ohi dira, haiek uretan eta ura gure automobileko gurpiletan, adibidez.


Hazten ari den arazoa


Espezie arrotzen inbasioak naturan ezagutzen diren arren, azken mendeetan gertatu diren giza mugimenduek arazoa asko larritu dute. Eraiki dugun sistema ekonomikoak laguntza berezia eskaini die inbasioei eta, globalizazioak, beste hainbeste. Eta guztia biribiltzeko, inbasioen mekanismo ekologikoa ez da ongi ezagutzen. Tarte baterako lana, behintzat, badago.

Kontrol biologikoa


Inbaditzaile biologikoei aurre egiteko modu egokiena ezartzen ez uztea da; hau da, inbaditzaileak batetik bestera garraia ez daitezen neurriak hartzea. Nazioarteko Itsas Erakundeak, esaterako, lasta-ura itsas handian aldatzea gomendatu die zamaontziei. Ingurune horren eta ur- gezetakoaren arteko aldeak nahiko handiak direnez, itsasotik ekarritako espezieak ez dira helmugako ekosistemara egokituko eta ez da inbasio-rik gertatuko. Bestalde, motoreen jabeei higitu aurretik ontziak ondo arakatzea eskatu zaie.


Inbasioa errealitate denean aukera bat pestizida eta herbizidak erabiltzea da. Baina gehienak toxikoak eta arriskutsuak direnez, oso kasu zehatzetan bakarrik erabiltzen dira.


Zenbaitetan landare eta animalia ekosistematik kendu (banan banan jasoaz) egin daitezke. Beste batzuetan, aldiz, sute edo uholde kontrolatuak erabiltzen dira inbasioen aurka. Horrez gain, kontrol biologikoa egitea ere ohikoa da.


Artikuluaren hasieran espezie inbaditzaileak zabaltzeko faktoreetako bat aipatu dugu: harrapari naturaleak ez izatea, alegia. Kontrol biologikoa inbaditzaile diren espezien harrapariak inbaditutako ekosisteman sartzean datza; hau da, espezie arrotz bat beste espezie arrotz batekin akabatzen da. Harrapari arrotzak ez dio ekosistemari espezie-inbaditzaileak adina kalte eragiten eta oreka ekologikoa berriz ezar dezake. Hala ere, bide honek eztabaida ugari sortzen ditu. Ekologistek eta kontserbaziorako taldeek kontrol biologikoa segurua, arrazionala eta beharrezkoa ote den galdetzen dute, ez baitira fida. Hainbat proiektuk arrakasta izan duten arren, kontrol biologikoa ez da inbasioen aurkako panazea eta behar bezala erabili ezean, mesede baino kalte gehiago egin dezake.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia