Ekologistak pistolarien itu brasilen
1993/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Brasilgo ingurugiro-babeserako mugimenduak bi kolpe bortitz pairatu zituen joan den maiatzean, bere bi kide tiroz hil zituztenean. Amazoniako Eldorado do Carajasko Nekazal Langileen Sindikatuko buru zen Arnaldo Ferreira, lotan zegoela tirokatu eta hil egin zuten maiatzaren 2an. Lau egun geroago, Paulo Vinha biologoa tiroz hilda aurkitu zuten Brasilgo hegoaldeko hondartza batean; Espirtu Santo estatuko Barra do Jucu herrian, hain zuzen. Bere kamera, dirua eta erlojua gainean zituen. Beraz, hilketaren arrazoia ez zen lapurreta izan.
Vinhak lan handia egina zuen estatuko hondartza, duna eta paduretatik hondarra ugari erauztearen kontra. Izan ere, erauzketa horiek kostaldeko ekosistema hondatzen ari dira. Ingurugiro-hondamendiari buruzko filme bat egiten ari zen. Bestetik, Aracruz Celulosa-ren (munduko paper-ore ekoizle handienetako baten) kontrako borrokan ere urtetan aritua zen, konpainia horren eukalipto-plantazioak, bertako indiarrek erreklamatzen dituzten lurretan daudelako.
Arnaldo Ferreirak Brasilgo Greenpeace-rekin harreman sendoak zituen eta bere borroka nagusia indiarren lurretan eta erreserba ekologikoetan kaoba-zuhaitzak botatzea geldiaraztea zen. Greenpeaceko bozeramaileen hitzetan ‘euri-oihanaren aldeko ekintzaile sutsua’ zen.
Hilketa hauek ingurugiro-ekintzaileen kontrako eraso-katea bateko azkenak izan dira. Munduan sona handiena hartu zuena, Chico Mendesen hilketa izan zen (1988). Hiltzaileak harrapatu eta kondenatu egin zituzten, baina aurten gartzelatik ihes egitea lortu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia