Ozeanoekin erlazionatutako ekimen, proiektu eta politiketan ekitatea neurtzeko eta hobetzeko tresna global bat aurkeztu du Nazioarteko talde batek. Ekitate-indize bat da, eta Nature aldizkarian argitaratu dute, irekian: Ocean Equity Index (OEI). Egileen artean BC3ko ikertzaileak daude.
BC3k jakinarazi dutenez, indize horrek ozeanoekin erlazionatutako jarduerak ebaluatzeko aukera ematen die administrazio publikoei, erakundeei, tokiko komunitateei, kudeatzaileei, ikertzaileei eta finantzatzaileei. Hain zuzen, hiur esparru, sei printzipio eta 12 irizpidetan oinarrituta, alderdi hauek aztertzeko bidea ematen du: zer eskubide aitortzen diren, nola hartzen diren erabakiak, nola banatzen diren irabaziak, eta zer egin daitekeen ekitatea hobetzeko.
Esaterako, hauek dira printzipioak: eskubideak, dibertsitatea, parte-hartzea, kontu-ematea, kalteak eta onurak. Tokiko eskalatik hasi eta maila globaleraino erabil daiteke, erabiltzaileak ez du trebakuntza espezializaturik behar, eta ekonomia urdinaren edozein esparrutarako balio du: arrantza, itsas kontserbazioa, offshore energia, itsasoaren espazio-plangintza, politika publikoak…
Egileek sei kasu-azterketatan aplikatu zuten indizea herrialde eta eskala desberdinetan (tokikoa, nazionala eta globala), eta frogatu dute OEI gai dela datu egituratuak sortzeko, ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko, eta arrakalak eta hobetzeko aukerak argi eta garbi identifikatzeko.
Aplikazioen artean hauek nabarmendu dituzte: finantziazio-proposamenak ebaluatzea ekitatearen ikuspegitik; proiektuen jarraipena eta ebaluazioa; kontu-ematea; ikaskuntza- eta egokitze-kudeaketako prozesuak sustatzea; eta ekimen bidezkoagoak eta eraginkorragoak diseinatzea, onuragarriak izango direnak pertsonentzat zein ekosistementzat.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







