}

Ekaitz geomagnetikoen eragina bihotzean

2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Errusiar ikertzaile-talde batek ekaitz geomagnetikoek gizakiaren bihotzean zer eragin duen aztertu du, eta ondorio harrigarriak aurkitu ditu. Dirudienez, eragina uste baino handiagoa da eta kalte dezente sor ditzake bihotzeko zeluletan.

NASA

Jakina da odoleko gantz-azidoen kontzentrazioa altua bada, bihotzeko zeluletara sartzeko joera dutela. Mitokondrioen mintzean erantsita geratzen dira eta horien funtzioa ganoraz betetzea galarazten die.

Ikertzaile-taldearen esanean, horrela dagoen bihotza ekaitz geomagnetiko baten eraginpean jarriz gero, gauzak okertu egiten dira. Gantz-azidoek mitokondrioetan itsasteko joera handiagoa dute eta organuluen mintza guztiz iragazgaitz bilakatzen da. Mitokondrioentzat mintzaren iragazkortasun egokia funtsezkoa da bere funtzioa betetzeko.

Ekaitzaren ondorioz iragazgaitz bilakatzen bada mintza, organuluak ezin du normal funtzionatu eta hondatu egiten da. Horren ondorioz, zelulak ezin du behar-beharrezkoa duen energia lortu eta bihotza asko ahultzen da.

Hala ere, egoera hori ez da itzulezina. Ekaitz geomagnetikoa baretzen denean, gantz azidoak mintzetik aldendu eta mitokondrioa bere funtzio normalera itzul daiteke inongo arazorik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia