}

Einstein, Albert

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1879-1955)

Fisikari judu hau Alemaniako Ulm-en 1879.eko martxoaren Man jaio bazen ere, bere bizialdian Suitza eta Iparrameriketako hiritar ere izan zen.

Judua izan arren, Municheko institutu katolikoan hasi zen ikasten, txikitan bere familia bizitzera hara joan zelako. Umetan ez zen ikasle azkarra eta hizketan ere oso berandu hasi zen.

1894an, bere aitak Milanera joan beharra izan zuen, baina Albert Alemanian geratu zen bertan batxilergoa amaitzekotan. Albertek matematikatan bakarrik ateratzen zituen nota onak eta bere irakaslearen gomendioz ikastetxea utzi egin zuen. Italian oporrak igaro ondoren, Suitzan unibertsitatera joan zen. Graduatu zenean, irakasle gisa lana egin nahi izan zuen, baina ez zeukan horretarako aukerarik; batetik judua zelako eta bestetik suitzarra ez zelako.

1901ean patente-bulego batean ekin zion lanari Berna hirian. Orduan hasi zen bere kontura fisika teorikoa lantzen eta 1905ean Alemaniako Annalen der Physik aldizkarian bost Lan argitaratu zituen, bertan hiru garapen teoriko garrantzitsu adierazten zirelarik. Dimentsio molekularrak determinatzeko beste era bat, Argia produzitzeko eta transformatzeko ikuspegi heuristikoaz, Higidura browndarraz, Higidura duten gorputzen elektrodinamikari buruz eta Gorputz baten inertzia bere energi edukinaren araberakoa al da? ziren lanen izenburuak.

Lehenengo lana 1905.ean Zuricheko Unibertsitatean aurkeztutako tesiaren memoria gisa erabili zuen. Bigarrena "iraultzailea" zen, Einsteinek zioenez. Efektu fotoelektrikoan eta Max Planck-en energi kuantuei buruzko lanetan oinarrituta, gero "fotoi" deituko zena postulatu zuen. Artikulu hura izan zen mekanika kuantikoaren hastapena.

Hirugarren lanean, berak teoria ezarritako higidura browndarrean probabilitate-kalkulua aplikatu zuen. Laugarren artikulua zen garrantzitsuena. Bertan oso zehatz adierazten du mende hasierako fisikaren aurkikuntzarik garrantzitsuena: "erlatibitate-teoria berezia". Maxwellen elektrodinamika eta Galileoren erlatibitatea itxuraz bateraezinak bazi-ren ere, teoria horiek batere aldatu gabe eta espazio nahiz denboraren kontzeptu fisikoak moldatuz, bateragarriak zirela frogatu zuen. Bere bostgarren lana aurrekoaren ondorio zen. E = mc2 formula famatuaren bidez masa eta energiaren arteko baliokidetasuna adierazi zuen.

Bost lan horiei argitaratu eta jaramon handirik egin ez bazitzaien ere, orduko fisikari ospetsuenak (Planck, Minkowski eta Lorenz, adibidez) zeukaten balioaz konturatu ziren. Azkenean Einsteinek Zuricheko Unibertsitatean irakasle-postua lortu zuen, nahiz eta soldata oso kaskarra izan. Bere fama gero eta handiagoa zen ordea, eta 1913an Berlingo Kaiser Wilhelm Fisika Institutuan lana eskaini zioten. Aurrez dena den, Pragako Unibertsitatean denboraldi bat egin zuen (1911-1912). Kongresu askotara dei egiten zioten (Solvay kongresura adibidez), erlatibitate-teoria nahiz teoria kuantikoa lantzearren.

Bere erlatibitate-teoria sistema azeleratuetara aplikatzen saiatu zen eta ikerketen ondorioak 1915ean argitaratu zituen, Erlatibitate-Teoria Orokorra izenekoan. Teoria orokorrean, Einsteinek Newtonen teoriak aurrikusitakotik aldentzen ziren hiru efektu erakutsi zituen.

Einsteinek 1917an argitaratutako lan batean oinarritu ziren de Broglie eta Heisenberg teoria kuantikoa garatzeko. Einsteinek ordea, Kopenhageko eskolaren teoria kuantikoari buruzko interpretazio probabilista ez zuen erabat onartu. Determinismoa alde batera uztea aurpegiratzen zien.

Einstein Berlinen Hitlerrek boterea eskuratu arte iraun zuen. Atzerriko unibertsitateetara bidaia asko egin zuen, baina 1933an Alemaniatik erbesteratuta, Parisen, Belgikan, eta azkenik Iparramerikan, New Jersey-ko Princenton-go "Institute for Avanced Study" erakundean, irakasle izan zen. Han bere heriotza arte elektromagnetismoa eta grabita-zioa sintesi-teoria batera biltzen saiatu zen, helburua lortu ez bazuen ere.

Albert Einstein bestetik, beti arduratu zen gizarte-arazoez. Israelgo estatuaz, nazismoaz, Sobiet Batasunaz, arma nuklearrez, armadez eta abarrez asko hitz egin eta idatzi zuen. 1939an Alemaniako nazismoaren beldur zela eta, Roosvelt presidenteari erreakzio atomikoak ikertzeko programa bat era zezan eskatu bazion ere, Los Alamos-ko bonba atomikoa egiten ez zuen parte hartu. 1945ean arma atomikoa egin zitekeela ziurtatu zenean, Roosvelt presidenteari erabili ez zezan eskatuz idatzi zion. Geroztik, arma nuklearrak ugal ez zitezen hil arte lan egin zuen.

Princentonen hil zen, 1955eko apirilaren 18an. Handik denbora gutxira, 99 zenbaki atomikoa duen elementu kimikoa aurkitu zuten eta "einstenio" izena ipini zioten fisikari aleman-judu-suitzar-iparramerikarraren ohoretan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia