Ehun berriak jantzi berrientzat
2003/06/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Ehungintzaren egunerokoak ustekabea du oinarrian. Harritzeko moduko berriak sortzen ditu egunetik egunera: estresari aurre egiten dioten arropak, lo hobeto egiten laguntzen duten ehunak, eguzkiaren erradiazioa xurgatu edo bakterioak hiltzeko gai direnak, telefonoa daramaten oinetakoak, zimurtzen ez diren prakak… Arlo horretan egiten ari den ikerketak ehunka milioi euro mugitzen ditu urtero eta, adituek diotenez, aurrerantzean moda berria ekonomiaren oinarri nagusietako bat izango da.
Argi dago, ehungintzaren iraultza abian da. Eta, dirudienez, geraezina ere bada. Adituak eta ikertzaileak bat datoz, etorkizuneko arropa giza gorputzaren bigarren azalaren parekoa izango da. Jantziak oso material finekin egingo dira, baina aldi berean, arropak oso erresistenteak eta malguak izango dira. Gainera, dotore-dotore jantzita joateko aukera emateaz gain, bestelako aukerak ere izango dituzte. Helburua gorputza ondo sentitzea da. Jantzi erabilgarriak, arinak eta mugimendua lotuko ez dutenak bilatzen dituzte diseinatzaileek. Eta oso garrantzitsua: garbitzeko eta plantxatzeko errazak izan daitezela; edo garbitu eta plantxatu beharrik ez dadila egon. Kontsumitzaileen beharretara egokitutako jokaera, beraz.
Mikrozuntzak
XX. mendearen erdialdera arte, gizakia ehun naturalez baliatu zen janzteko orduan. Kotoia, artilea, lihoa, zeta eta abar erabiltzen ziren arropak egiteko. 1935. urtean Wallace Carothers zientzialariak zuntz 66 izeneko materiala sortu zuen, gero nylon izenez ezagutzen dena. Zuntz hark galtzerdiak egiteko erabiltzen zen zeta ordezkatu zuen, zetazko galtzerdiak oso garestiak izaten baitziren. Bi urte geroago, Alemanian, elastanoa asmatu zen. Eta bi zuntz horiek bat egin zutenean, 70eko hamarkadan, Lycra famatua merkaturatu eta zuntz sintetikoen iraultza iritsi zen.
Elastanoak zuntz naturalak ordezkatu zituenetik, ehungintzan aurrerapen harrigarriak gertatu dira. Mikrozuntzen inguruko ikerketa garapen berria bultzatzen ari da orain. Mikrozuntzak zeta baino askoz ere material sintetiko meheagoak dira eta, plastikotik eratorritako zuntz sintetikoen ondoan, distiratsuagoak eta leunagoak. Malguak eta erosoak ere badira. Hala ere, gaur egun garatzen ari diren ultramikrozuntzak askoz ere meheagoak dira. Mikrozuntzak giza ileak baino 60 bider meheagoak dira; ultramikrozuntzak, aldiz, 180 bider. Tactel, supplex, softec eta antzerako izenak arrunt bilakatuko dira laster, bere sasoian poliesterra, latexa, likra bera edo gore-texa bihurtu ziren bezala.
Gizarte honetako beste hainbat arlotan bezala, aurrerapenaren lehen zantzuak kirolean sumatzen dira. Kirolariak erakusleiho ezin hobea izateaz gain, probak egiteko kirol-jarduera egoki-egoki bihurtzen da. Josturarik gabeko bainujantziak, edo uretatik irten eta berehala lehortzen diren teflonezko eta lycrazko bainujantziak, tenperaturara egokitzen diren arropak, izerdia kanporatzen dutenak, nekea eragozteko bereziki diseinatutako jantziak eta abar dagoeneko hasi dira erabiltzen. Azken Joko Olinpikoetan, Ian Thorpe igerilari australiarrak marruskadura-koefizientea gutxitzen zuen bainujantzia erabili zuen. Hortaz, bainujantzia gorputza bera baino labainkorragoa zen; begi-bistako abantaila.
Hainbat produktu berri
Kirolean ez ezik, beste arlo batzuetan erabiltzen den arroparen inguruan gertatu diren aldaketak nabarmenak dira. Horietako asko hotzari eta beroari aurre egiteko teknologietan oinarrituta daude. Adibidez, Italiako Corpo Nove enpresak txaketa arin-arin eta bero-beroa atera du merkatura. Zero absolutu izenez bataiatu du, eta Antartikan probatu du. Txaketak gorputzaren beroari eusten dio nahiz eta kanpoan –50 gradu zentigraduko tenperatura egon. Material superisolatzailea erabiltzen du hori lortzeko, silizioan oinarritutako 3 milimetroko lodierako aerogela.
Beste muturrera joatea ere badago, beroari aurre egiteko jantzietara. Karada Italia etxeko ingeniariek Hugo Boss moda-etxeko diseinatzaileekin batera, hozte-sistema duen barruko arropa prestatu dute. Horri esker, McLaren automobil-taldeko mekanikoek segurtasun handiagoaz lan egin dezakete tenperatura altuen aurrean. Arropak likido hoztailea daraman 50 metroko hodiera du. Espainiako Zodiac enpresak antzeko sistema bat diseinatu du, baina helburua poliziak gaizkileen baletatik babestea da.
Oinetakoek ere badute beren tokia ehungintzaren puntako teknologian. Europako Espazio Agentzia eta enpresa-talde europar bat, lurraren ezaugarrien arabera trinkotasuna aldatzeko gai den zola garatzeko lanean ari dira. Horrela, oinak jasan behar duen presioa gutxitu egingo litzateke. MR izeneko material jariakorrarekin ari dira ikertzen, berez bibrazioak moteltzeko asmatu zen materiala. Eremu magnetikoen eraginpean MRa egoera solidotik likidora eta alderantziz pasa daiteke.
Lehen urratsak besterik ez dira, baina badirudi modaren joera argia dela: punta-puntako teknologiaren aurrerapenarekin batera aurreratzea. Horrenbestez, badirudi sasoi bateko zilar-koloreko moda futuristaren irudia atzean geratuko dela.
Milurteko berriaren arropazaindegia
Ondorengo zerrendan agertzen diren arropetariko batzuk errealitatetik baino zientzia-fikziotik egon daitezke gertuago, eta baliteke ehungintzaren azoketan izan ezik, beste inon ez agertzea. Hala ere, ikertzen ari dira, eta baliteke egunen batean ez izatea hain arrotzak. Zerrendako batzuk —klimatizatutako arropa adibidez— dagoeneko salgai ere badaude.
- Edozein min-mota detektatzeko gai izango diren elastikoak, bizi-konstanteei buruzko informazioa transmititzeko gai izango direnak.
- Kamuflajeko arropa, daramanaren usaina ere isolatzeko gai izango dena. Eta gainera, ingurura egokituko du itxura.
- Klimatizatutako arropa: isolatzeko gaitasun handia duten jantziak lortzea eragingo duten zuntz optikoak eta zuntz mehe-meheak.
- Pertsonaren gogo-aldartera egokituko den arropa. Izerdiaren edo gorputzaren tenperaturaren bidez aldatuko da arroparen kolorea.
- Odolaren zirkulazioa bizkortzen duten galtzerdiak.
- Barruko arropa afrodisiakoa.
- Musika entzuteko aukera emango duen arropa.
- Memoriadun arropa. Hau da, arropak normalean poltsikoetan eramaten diren gauzak detektatu ahal izango ditu. Bakarren bat ahaztuta izanez gero, abisua pasatuko du.
- Etengabe zainduta egon behar duten umeak kontrolatzeko mikrokamaradun arropa. Dagoeneko merkatuan badago horrelako pijama bat, Mamagoose izenekoa.
Sentitzen duen arropa
Kanpotik jasotzen dituzten estimuluei erantzuna ematen dieten zuntzak. Horra hor zuntz adimentsuen definizioa. Etorkizunari begira, adituek diote horrelako jantziak estresari aurre egiteko gauza izango direla, intsektuak uxatzeko, hobeto lo egiten lagunduko dutela, erradiazio ultramoreak xurgatuko dituztela...
Etorkizuneko kontuak dirudite, baina dagoeneko zuntz adimentsuen teknologia errealitate bihurtzen ari da. Beharbada, bide horretan ikerketa-lerro aurreratuena bakterioak ugaltzea saihestuko duen mikrobioen aurkako jantziena izango da. Nuria Oliverrek Estatu Batuetako MIT ikerketa-erakundean lan egiten du, eta zera dio: "Ideia nagusia jantzietan sentsore eta ordenagailu txikiak jartzea da.
Tresna horiek pertsonak ezagutu ahal izango dituzte, erabiltzailearen presio arteriala igo egin dela jakiteko gai izango dira, edo, beste barik, esnea erosi behar dela gogorarazteko gaitasuna izango dute". Ikertzaile espainiarrak dioenez, arropa eta giza gorputza kontaktuan egoten direnez, arropa gorputzari buruzko informazioa ateratzeko bide ezin egokiagoa bihur daiteke. "Adibidez, bihotzaren erritmoa kontrolatu ahal izango du, edo diabetikoari glukosa-maila asko igo zaiola adierazi ahal izango dio".
Beraz, arropa-diseinatzaileez gain, kimikariak, fisikariak, ingeniariak, telekomunikazio-teknikariak, zirkuitu integratuen diseinatzaileak edo telematika-adituak modaren munduan ari dira une honetan lanean. Elkarlan horren lehen emaitzak dagoeneko agertu dira merkatuan. Levi’s etxeak, adibidez, musika entzuteko aukera eta telefonoa biltzen dituen lehen txaketa merkaturatu du. 1.000 eurotik gorako prezioa du. Txaketak ez du merkatuan arrakasta handirik izan, garestia izateaz gain, pisua delako. Hala ere, teknologia-mota horrekin egindako arropek merkatuan izan ditzaketen eragozpenak hobeto ezagutzeko balio izan du.
Horietako bat txaketa garbitzeko unea izan daiteke, nahiz eta etorkizunean espero den txaketak berak behar duenean eskatuko duela garbiketa-saioa. Merkatuan dauden txaketek 1,2 metro kable dute. Energia txikiarekin funtzionatzen dutenez, ia ezinezkoa litzateke deskarga elektrikoa jasotzea bustitzen direnean; hala ere, jendea ez da fidatzen.
Industriak duen beste erronketako bat zirkuituen eta zuntzaren arteko integrazioa da. Kableak, mikrotxipak eta gainerako osagaiak zuntzaren artean kokatu behar dira, azalarekin kontaktuan egon ez daitezen eta azalean arazorik sor ez dezaten. Horrelako zehaztasuna lortzeko, nanoteknologiaz baliatu behar izan dute adituek eta arlo hori oraindik hastapenetan dago.
Elikadura elektrikoarena ere ez da arazo makala. Pilak txikiak izango dira, baina noizbait kargatu egin beharko dira eta horretarako eskura egon beharko dute. Jakina, horrek mugak ezartzen dizkie moda-diseinatzaileei zein balizko erabiltzaileei. Oraingoz osagai guztiek pilekin lan egiten badute ere, giza gorputzak mugitzean sortzen duen energia aprobetxatzeko bideak aztertzen ari dira MITeko ikertzaileak.
Modaren etorkizuna nolakoa izan daitekeen irudikatzen laguntzen duten adibideak badauden arren, oraindik ez dago mota horretako arropari data jartzerik. Hau da, noizko izango dira arruntak? Modaren munduan dabiltzanek 2015. urteaz hitz egiten dute, baina ikusteko dago arropa teknologiko adimentsu hori guztion eskura egongo den edo ez.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia