Ehiztari-biltzaileek landare-jatorriko elikagai ugari jaten zutela frogatu dute

https://www.mpg.de/21865602/0424-evan-more-plants-on-the-menu-of-ancient-hunter-gatherers-150495-x - © Abdeljalil Bouzouggar


Marokoko Tarofalt kobazuloko aztarnategian egindako ikerketek agerian utzi dute, nekazaritza sortu aurretik ere, landare-jatorriko elikagaiak oinarrizkoak zirela han bizi ziren gizakien dietan. Aztarnategia duela 12.000-15.000 urtekoa da, eta, besteak beste, 80 gizaki ingururen fosilak, fauna ugariren arrastoak eta zenbait horma-irudi daude bertan, tartean, ostruken ehiza irudikatzen duten margoak. 

Oraingo ikerketan, Taforalteko biztanleek zer jaten zuten jakin nahi izan dute. Horretarako, giza hortzetako esmaltearen zink- eta estrontzio-isotopoak aztertu dituzte, baita gizakien eta faunaren aztarnetako aminoazidoak ere. Horrez gain, aztarna arkeobotanikoak ere aurkitu dituzte: ezkurrak, pinaziak eta lekari basatiak.

Datu guztiak aintzat hartuta, ikertzaileek ondorioztatu dute ehiztari-biltzaile haien dietak landare mediterranear dezente zituela. Eta beste zerbait ere iradoki dute: haurren elikaduran landare-jatorriko janaria sartzen zutela, behar bada, titia uzten laguntzeko.

Ikertzaileen esanean, emaitzak oso baliagarriak dira ehiztari-biltzaileen eta nekazarien arteko trantsizioa hobeto ezagutzeko, eta giza eboluzioaren ikuspegi osatuago bat izateko. 

 

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Arkeologia