}

Ehizak basabizitza kontserbatzen du

2003/06/10 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ehizak basabizitza kontserbatzen duela dio Nature aldizkari entzutetsuan argitaratutako ikerketa batek. Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, "…azeri-ehiza edo bestelako ehiza-kirolak baimentzen dituzten lur-jabeek baimentzen ez dituztenek baino gehiago kontserbatzen dute basabizitza". Haize freskoa azeri-ehiza debekatzearen aurka dabiltzanentzat, inolaz ere.

Ikertzaile horien esanean, lehenago ez omen da ideia kontuan hartu, ehizak biodibertsitateari mesede egin diezaiokeela, alegia. Izan ere, kirol horiei buruzko eztabaida krudeltasunaren eta izurrien kontrolaren ingurukoa da. Ehiztariek ere aspalditik diote ehizak, luzarora, ingurumenari mesede egiten diola, Londresko ehiza-elkarte bateko bozemailearen arabera.

Erresuma Batuan zein beste edonon, ez da zaila ehizara bideratutako lur-eremuetan biodibertsitatea altuagoa izatea nekazaritza intentsiboko lurrekin alderatuta. Bi arrazoi nagusirengatik: batetik, nekazari-lur horietan nekazaritzarako baliorik ez duten landare edo animaliak kendu egiten dira urte osoan; dibertsitate gutxi izaten da horietan. Bestetik, ehizarako lurretan diru-iturria ehiza denez, animaliak mantentzea komeni eta bultzatzen da; beraz, intereseko animalia horiek, gutxienez, irauten dute.

Baina inork ez dezala pentsa biodibertsitate hori ehiztarien begiruneari esker emendatzen dela, begirunea gehitzen ari den arren, onar dezagun. Azken finean, bi ustiapen-modu horien ondorioa izan ohi da biodibertsitatea gehitu edo murriztea eta ez batzuetako edo besteetako pertsonen jarrerarena. Militarren tiro-eremuetan ere, dibertsitatea inguruko nekazari-lurretan baino handiagoa dela diote.

Dena den, lurra ustiatzen hasita, ez genuke ahaztu behar nekazaritza edo ehiza egiteko modu asko dagoela intentsiboez gain, eta horiek ere konparatu eta egokiena aukera genezakeela. Eta, gainera, lurrak bere horretan utziz gero, zenbatekoa izango litzateke biodibertsitatea?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia