Eguzkiaren indarberritzea
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eguzkiaren aktibitateak ziklikoak direla jakina da. Orain, ziklo horietako hainbat gailur bikoitzekoak direla pentsatzeko froga nahikoa daude, hau da, zikloaren maximoan bertan goreneko bi une daudela uste dute.
Gaur egungo Eguzkiaren maximoa ere bi gailurrekoa izan daiteke, eta, horren arabera, orain bigarren gailurrean egongo ginateke.
Eguzkiaren maximoa deituriko garaian Eguzkiaren aktibitatea nabarmen handiagotzen da eta, ondorioz, gas magnetizatuko bilioika tona Eguzkitik atera eta planetak kolpatzen dituzte. Eguzkiaren eremu magnetikoa bera ere, eguzki-sistemaren tamainakoa, ezegonkor bihurtzen da. Gertueneko Eguzkiaren maximoaren lehenengo gailurra 2000. urteko erdialdean izan zen eta ondoren barealdian sartu ginen.
Orain, berriz, bigarren gailurrera iritsi garela diote ikertzaileek Eguzkiaren azaleko gune ilunen kopurua ikusita. Zenbat eta gune ilun gehiago izan, Eguzkiaren aktibitatea handiagoa izaten da. Horiek eta beste hainbat gauza kontuan izanda, zientzialariek uste dute bigarren gailur hau lehenengoa baino handiagoa izatera iritsiko dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia