Eguzkiak kiskalitako lurraren azpian, apo ezproiduna
1997/04/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eguzki esperantzan Nafarroako Erriberara joan eta, nola ez, ekaitzak harrapatu gaitu gauez Bardeak inguruan. Hala ere, halako euri-jasak automobila garbituko duela pentsatzeak poztu gaitu. Ustekabean laguna gelditzeko keinuka ari zaidala ohartzen nahiz. “Ikusten al duk hori?”. Pistan bertan, igel edo dena delako animalia-saila poteka ari da. Harritzekoa! Oraintxe azaldu behar hauek ere! Aterkia hartu eta kopeta-argia piztuta, automobiletik atera gara. Apoak dirudite. Potxoloak eta txiki xamarrak, 9 cm-tik beherakoak. Gris-antzak dira eta orbain berde ilunak dituzte gainean. Azpialdea ere gris edo krema kolorekoa dute. Larruazal leunekoak dira; burua zabala eta begi-nini bertikala dute. Hankak labur eta sendoak; atzekoetan konkor ilun bana ageri dute. Ez dago zalantzarik, apo ezproidunak dira. Goazen, ez da giro hemen.
Etxerako bidean kontu bakarra dabilkigu buruan. Eguerdian Eguzkiak kiskalitako eta zartatutako lur lehor hark ez zuen, bada, anfibioentzat leku egokia izateko inolako itxurarik. Nondik atera ote da, beraz, euri-zaparradarekin batera halako apo-saila? Nola arraio molda daitezke apo hauek Bardeak bezalako “basamortu” batean deshidratazioari aurre egiteko? Gida-liburu on bat hartu eta irakurtzea besterik ez dago.
Apo ezproidunak inguru lehorretara ederki moldaturiko anuruak dira eta habitat ezberdinetan agertu ohi dira, zingira eta hareatzetatik hasi eta estepa eta lehorreko alorretaraino. Eguzkiak lehor ez ditzan, egunean zehar gorde egiten dira. Era berean, uda bete-betean, abuztu aldera edo, helduak bolada baterako lurpean sar daitezke eta negu gorrian beste horrenbeste egiten dute tenperaturak behera egiten duenean. Euskal Herrian hegoaldeko inguru lehorrenetako anfibio tipikoak dira. Besteak beste, Ebro ibaiaren inguruan, El Pulguer, Pitillas, La Estanquilla eta Agua Salada bezalako hezeguneetan bizi dira eta, esan bezala, Bardeak inguruetan ere topa daitezke.
Dirudienez, 500 mm-ko isoietak banaketaren iparraldeko muga egiten du eta, mapan marraztu dugun bezala, hortik gora ez dira ia ageri. Hegoaldean, berriz bai, espezie hau arrunta da hala nola, Frantzian eta batez ere Iberiar Penintsulako hegoaldean.
Espeziea oszilazio demografiko ikaragarrietara moldaturik dago. Izan ere, hain leku lehorretan bizi eta uretan ugaldu behar duenez, eguraldiaren arabera gora-behera handiak izan ditzake populazioak. Urik ez dagoen urteetan, edota errun ondoren putzuak idortzen direnean, ez dira ugaltzen eta ia ikustezin bihur daitezke urte batzuetan. Eguraldia lagun dutenean, berriz, kopuru handiak agertzen dira berriro. Horregatik Penintsulako hegoaldean, inoiz dentsitate ikaragarritan ikusi izan dira, metro karratu batean 120 ale ere zenbatu direlarik!
Izena ematen dion eta identifikatzeko hain lagungarri den ezproia atzeko hanketan ageri duen kolore beltza eta adarkizko gogortasuna duen tuberkulu metatartsiarra da; lur areatsu eta solteetan industeko tresna bikaina da gainera. Esan bezala, eguraldia oso hezea ez den bitartean, eguna lurpeko freskotasunean ezkutatuta pasa ohi du. Lurperatzeko atzeko hankak txandaka mugitzen ditu eta ezproiei esker, berehala eraiki dezake 10-40 cm edo gehiagoko galeria. Ilundu orduko, ordea, bere dieta osatzen duten ornogabeak, batez ere koleoptero, ortoptero, hemiptero eta araknidoak, jatera ateratzen da. Zelatan harrapatzen ditu eta jarrera berezia hartzen du ehizan: ikuspegi zabalagoa edukitzearren, aurreko hankak luzatzen ditu, tente jarriz. Halaber, begi handiak ehizakiak gauez ikusteko tresna bikainak ditu eta bitxiak dira oso: zirrikitu-itxurako begi-nini bertikala dute eta urre edo zilar koloreko irisa. Ilunpeko ehiztaria den arren, tarteka argia dagoen putzuen inguruan ikusi da, zihurrenik bertan biltzen diren zomorroek erakarrita.
Otsaila erdialdera, lurpetik atera eta hezegunetarantz abiatzen dira ugaltzera, eguraldiak eragozten ez badie behintzat. Tenore honetan, arrek zein emeek normalean baino kolore ilunagoa dute. Dena den, arrak, txikiagoak izateaz gain, sasoi honetan guruinen hanturak beso lodiagoak agertzea eragiten die eta horri esker bereiz daitezke. Arren gorteiuko kantua urpean ematen denez, ez da ia entzuten eta oiloaren kakara isila dirudi: “ko-ko-ko”. Ugalkidea inguratzen denean, arrak aurreko besoekin estu-estu eusten du atzeko hanken aurrealdetik, anplexu izeneko jarrera hartuz.
Belaunaldi berria zihurtatzeko emeak apiriletik aurrera arrautz-okarri luzeak (ia 7.000 arrautz artekoak) jartzen ditu eta errun ahala, arrak ernaldu egiten ditu. Uretako landareen zurtoinetan trabaturik edo, besterik gabe, hezeguneko hondoaren gainean kokatzen dituzte arrautzak. 5-15 egun geroago, 3,5-4,5 mm-ko kolore gris iluneko larben eklosioa ematen da eta ordu gutxitan bere tamaina eta pisua bikoiztu egingo dute. Apo ezproidunen larbak, 10 cm-tik gorakoak, (batzuetan 15 cm-koak!) Europako zapaburu handienetakoak ditugu. Larba hauek alga eta fanerogamotaz elikatzen dira eta baita bakterio, ornogabe txiki eta sarraskitaz ere. Kutsadura eta gazitasun-maila altuak jasan ditzaketeenez, sentikorragoak diren espezieen lehiakidetasuna saihesten dute. Munduratu zirenetik lau hilabetetara, uztaila edo iraila aldera, alegia, metamorfosia pairatzen dute. Soina ikaragarri murriztu ondoren, zapaburu erraldoi horiek 22-35 mm inguruko apotxo bihurtu eta lehorreratzen dira.
Populazioen egoerari dagokionez, eskualde askotan gutxitu egin dela uste da. Hezegunetako animalia asko bezala, apo ezproidunek ere putzuen lehorketa, dragatzea, errepidetako harrapaketak edota eutrofizazioa pairatu dituzte. Hori guztia gutxi balitz, ordea, badirudi gure lurraldean beste arrisku bat ere badutela. Arrantzan aritzeko asmoz, hezegunetan arrainak batetik bestera eramateko ohitura dago eta, ziprinidoez gain, zenbait lekutan aingira, perka eta lutxoak bezalako espezieak ere askatu izan dira. Horiek predatzaile handiak dira eta, itxura guztien arabera, larba eta arrautz asko hil dituzte.
FITXA TEKNIKOA Espeziea: Pelobates cultripes |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia