
Honezkero orbitarako bidean da IBEX (Interestellar Boundary Explorer), NASAk eguzki-sistemaren mugaren mapa zehazteko diseinatutako espazio-ontzia. Eguzki-haizearen eta izarrarteko espazioko partikulen arteko elkarrekintzak aztertuz zehaztuko du mapa espazio-ontziak. Misioaren arduradunek esan dutenez, garrantzitsua da eremu hori ezagutzea, ezkutu gisa aritzen baita izpi kosmikoak Lurrera iristea saihesteko. Dena den, ez da planetetatik haratago joango lan hori egiteko; Lurraren urrutiko orbita batean ariko da, Ilargia bera baino hurbilago.
Irudia: W. Feimer, GSFC.
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.








