Eguzki-sistemaren ertzean, ezusteko jarduera
2010/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
IBEX zundak bidalitako datuek heliosfera ezagutzen lagunduko dute
NASAren IBEX zundak (Interestellar Boundary Explorer) heliosferaren inguruko lehenengo datuak bidali ditu, eta dagoeneko ekarri ditu ezustekoak. Adituek gehien nabarmendu duten aurkikuntza izan da heliosferaren ertzean atomo neutro energetikoen isurketa bortitzak detektatu dituela IBEXek, xingola-itxurako eremu batean.
IBEX zundaren ikertzaile nagusiak, David McComas-ek, adierazi duenez, orain arte egindako teorietan eta ereduetan batek ere ez zuen horrelako isurketarik aurreikusi. Azaldu dutenez, badirudi izar arteko espazioko eremu magnetiko batek eragiten duela xingola hori eratzea.
IBEX zundarekin hobeki ezagutu nahi dute heliosfera, hau da, eguzki-sistema izarrarteko izpi kosmikoetatik babesten duen "burbuila" (eguzki-haizearen eraginpean dagoen espazio-eremua). McComasek adierazi du aurkikuntza horrek agerian utzi duela zer gutxi dakigun hari buruz. Izan ere, zer forma duen ere ez dute argi adituek. IBEXen datuak jaso aurretik, uste zuten kometa-itxura zuela, baina datuek iradokitzen dute burbuila oboide baten antz handiagoa duela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia