}

Eguzki-sistema salbuespena da Unibertsoan

2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguzki-sistematik kanpo planeta asko aurkitzen ari diren arren, astronomoen ustez litekeena da eguzki-sistema bakarra izatea Unibertsoan.

Eguzki-sistematik kanpo planeta asko aurkitzen ari diren arren, astronomoek ez dute uste eguzki-sistemaren antzekorik eratzen dutenik. Izan ere, badirudi oso era desberdinean eratu direla, eta, beraz, litekeena da eguzki-sistema bakarra izatea Unibertsoan.

NASA

Planeten sorrera azaltzeko teoria zabalduenaren arabera, izar baten inguruan dagoen hautsa elkartzean sortzen dira Lurra bezalako planetak. Beraz, aurrena arrokak sortzen dira, eta horiek, pixkanaka elkartuz, planetaren nukleoa osatzen dute. Gero, atmosfera gaseosoa biltzen da inguruan. Jupiterren antzeko planeta gaseosoak, berriz, sistemaren kanpoaldean eratzen dira, tenperatura baxuagoetan.

Alabaina, orain arte aurkitutako 110 exoplaneta inguruk ez dute teoria hori baieztatzen. Oro har, planeta horiek Jupiter baino handiagoak dira, eta haien izarretik oso gertu daude, Lurra bera baino hurbilago, eta baita Merkurio baino are hurbilago ere. Gainera, orbita erabat eliptikoa dute, eta ez zirkularra.

Ondorioz, astronomoek uste dute eguzki-sistema berezia dela, eta planeten sorrera azaltzeko beste teoria batzuk bilatu behar direla. Hala ere, askoz ere behaketa gehiago egin behar dituzte ondorio sendoak izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia