Eguzki-panelen, ardien eta lurraren arteko elkarrekintza

Ardiak, eguzki-panelen gerizpean. Arg: NEIKER


Egitura fotovoltaikoek animalien jokabidean eta lurzoru eta larreetan duten eragina aztertzen ari da NEIKER, Europako Agripower ekimenaren bidez. Lehen emaitzen arabera, ikertzaileek baieztatu dute ardiek maiz erabiltzen dituztela eguzki-panelak gerizpe gisa, bero egiten duenean.

Ikerketa Arkautiko egoitzan egin dute, unitate agrovoltaiko esperimentalean. Helburua sistema agrovoltaiko adimendunak probatzea da, hau da, aztertzea ea nola dagoen eustea nekazaritza-produktibitateari, eta, aldi berean, energia-errendimendua optimizatzea. Hala, azpiegitura horretan bada AV-3 kategoriako azpiunitate bat, artzantzara bideratua. Azterketaren barruan, frogatu dute gerizpe artifizial horiek eraginkorrak direla animalien oreka termikoa hobetzeko.

«instalazio agrovoltaikoarekin, zuhaitzak beharrean, panelak baliatzen dituzte gerizpe gisa»

Gerizpe horiek nahiago dituztenez, artaldearen portaera aldatu egin da lurzati horretan: instalazio agrovoltaikoarekin, zuhaitzak beharrean, panelak baliatzen dituzte gerizpe gisa, eta larrearen erdigunean geratzen dira abereak atseden hartzen, bauta bero handieneko orduetan ere.

NEIKEReko zientzialariek ikertzen jarraitzen dute, abereen portaeraz gain, aziendaren, lurzoruaren eta eguzki-panelen peko landarediaren arteko interakzioa ere argitzeko. Adierazi dutenez, batetik, itzalak aldaketak eragin ditu lurzoruak jasotzen duen irradiazioan, eta lurzoruaren tenperaturan eta hezetasunean; beraz, belarraren hazkundeari eta kalitateari, eta lurzoruaren osasunari nola eragiten dien aztertzen ari dira. Bestalde, animaliak ingurune horretan dituzten inpaktuak ebaluatzen ari dira, bai onuragarriak (gorozkiengatik), bai kaltegarriak (lurra trinkotzea gerizpean). Faktore horien guztien ondorioak argitzea espero dute Agripower proiektuaren barruan.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali