Elhuyar zientziaren komunikazioa

Eguzki-energia, garbia eta errentagarria

2000/10/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Eguzki-panelak ohikoak dira sare elektrikorako biderik ez duten landa-guneak elektrizitatez hornitzeko, bai herrialde garatuetan eta bai garapen bidean dauden herrialdeetan ere.Azken horietan sare elektrikoa ez dago batere zabalduta eta eguzki-panelak oso baliagarriak dira, sarea sortzea baino errazagoa, merkeagoa eta garbiagoa baita. Eguzki-panelak mendiko borda, ermita, baserri, upelategi, eskola eta ospitaleak argitzeko erabiltzen dira eta dozenaka mila halako instalazio fotovoltaiko ari dira lanean gaur egun. 1990-94 bitartean munduan saldu ziren modulu fotovoltaikoen % 17 landa-guneak elektrizitatez hornitzeko izan ziren eta 2010. urterako salmenta horiek % 25eraino igotzea espero da.


Landa-guneetatik aparte, eguzki-panelak zirkulazio-seinale argidunetan, faroletan, erlojuetan, telefonoetan, telekomunikazio-sateliteetan eta abarretan erabiltzen dira. Beste aplikazio interesgarria ura ponpatzeko sistemak dira: ura behar denean eta lur azpitik ateratzeko energiarik ez dagoenean oso ongi funtzionatzen dute.


Aipatutako aplikazioak sistema fotovoltaiko autonomoen taldean sartzen dira, hau da, ohiko sare elektrikoarekin inolako loturarik ez duten sistemak. Hain zuzen, mota horretakoak dira instalatzen diren gehienak. Baina energia fotovoltaikoak badu beste aplikazio-bide bat, sare elektrikoari loturiko instalazio fotovoltaikoak, alegia: kasu honetan sarea badagoen lekuetan elektrizitatea sortzen duten panelak ipintzen dira eta elektrizitate hori zuzen-zuzenean sarera bidaltzen da. Horrela, etxeetako argia zentral elektriko, termiko edo nuklearretatik etorri beharrean, teilatuan jarritako eguzki-paneletatik iritsiko da.


Oso poluitzaileak diren elektrizitate-iturrietatik gutxiago tiratuko litzateke, eta Eguzkitik ekoitzitako elektrizitatea urriegia denean soilik erabili. Aldi berean, elektrizitatea sare bidez banatzen denez, egokitze-kostuak eta lanak askoz txikiagoak dira. Hitz bitan, aplikazio eroso eta garbia. 1998. urtearen amaieran era horretako 30.000 instalaziotik gora zeuden munduan eta baliteke 2010. urterako milioira iristea. Orain arte, ordea, Espainiako Estatuan eguzki-panelak sareari batu zekizkiokeen arren, hori nola egin behar zen zehazten zuen araudirik ez zegoen.


Beharrezko araudia


Donostiako Solumed enpresak energia berriztagarriekin egiten du lan, eguzki-panelak instalatuz, besteak beste. Bertako langile den Xabier Estebanen arabera "positibotzat jo daiteke onartu berri den araudia eta panelak jartzera jende gehiago animatzea espero dugu". 1998an onartutako dekretuaren arabera instalazio bat sareari batuz gero, sare elektrikoaren kudeatzaileek ordaintzeko betebeharra zuten, "baina batzea nola egin behar zen, zein aparatu ziren egokienak, sarearen kudeatzaileen eta bezeroaren arteko harremana,... hori guztia zehaztu gabe egon da orain arte". Panelek sortutako elektrizitatea eta sarearena maiztasun ezberdinekoa direnez, ofizialki behintzat, sare elektrikoaren kudeatzaileen errezeloa zuten lotura egiteko gailuak behar bezain onak ez ote ziren. Baina azkenean, neurri handi batean eurek moldatutakoa izan arren, oinarrizko araudia lortu da.

Orain, teilatuan eguzki-panelak ipini eta sare elektriko nagusiari lotuz gero, produzitutako kWh bakoitzeko 66 pezeta jasoko zenituzke. Zehazki 66 pezeta 5 kWh-ko instalazioaren kasuan eta 36, 10 baino handiagoetan, horiek elektrizitate askoz gehiago produzitzen baitute. Instalazio-kostuak proportzionalki handitzen dira noski. Dena dela, "5 kWh-ko instalazioa asko da, etxe handi bateko beharrak asetzeko nahikoa dira 4,4 kWh; etxe txikiago bat 2-3 kWh-rekin konpon daiteke" dio Xabier Estebanek. Eguzki-panelek ekoitzitakoa sareari prezio batean saltzen zaio eta etxean erabiltzekoa merkeago erosi. 5 kWh-ko instalazioak 600.000 pezeta inguruko irabaziak ematen ditu urtean eta 10ekoak 1.200.000.


Poltsikoak ingurugiroak baino gehiago animatuko al du jendea? Solumed-en kasu bitxiak ezagutzen dituzte. Esaterako, Espainiako herri txiki batean auzokideak elkartu eta guztiek artean 15 KWh-ko instalazio fotovoltaikoa ipini zuten, guztien elektrizitate-beharrak asetzeko nahikoa eta, bide batez, dirua irabazteko aukera.


Bizitza osorako inbertsioa


"Eguzki-panelak ipintzea ez da merkea, 5 kWh-koko instalazio arrunt bat 4 milioi eta erdi inguruan ibiliko da, baina kontuan hartu behar da halako instalazioak betirako direla. Panelak 20 bat urte irauteko eginak daude teorian, baina gehiago ere funtzionatzen dute. Nik, esaterako, 1968an jarri eta oraindik martxan dauden panelak ezagutzen ditut. Gainera, oso mantenimendu txikia behar dute"


Energia fotovoltaikoa interes handikoa da berriztagarrien artean: oso hondakin gutxi sortzen, ez du poluitzailerik igortzen atmosferara (ez eta ibai edo itsasoetara), ez dio fauna eta florari kalterik eragiten eta, gainera, erabat isila da, ez du poluzio akustikorik sortzen. Ingurugiroaren ikuspuntutik, metagailuak dira instalazio fotovoltaikoen punturik ahulena: horiek beruna, nikela eta kadmioa bezalako substantzia toxikoak dituzte eta ondo zaindu eta birziklatu behar dira. Baina energia fotovoltaikoa energia garbia da, oro har.


Eguzkia energia-iturri agortezina da, hurrengo 6.000 milioi urteetan bederen, eta, gainera, ez dago erregairik, ez erauzi eta ez garraiatu beharrik. Zuzen-zuzen iristen da paneletaraino. Aldi berean, eguzkiarekiko erabateko menekotasuna da energia fotovoltaikoaren desabantaila handienetakoa: ondo diseinatutako instalazio fotovoltaikoak eguneko eta gaueko edozein unetan hornitzen gaitu energiaz, baina sorgailuak ezin du eguzkirik gabe lanik egin; eguzkirik gabe ez dago elektrizitatea sortzerik eta, horregatik, potentzia handiak behar diren aplikazioetarako ez da sistema egokia.

Silizioan oinarrituriko teknologia


Eguzki-energia fotovoltaikoa. Fotovoltaiko hitza da dudarik gabe hiru horietatik ulergaitzena gaiaz asko ez dakien edonorentzat. Baina esanahaia aski sinplea da: Eguzkitik izpi, erradiazio edo fotoi modura datorren energia elektroien mugimendu bihurtzen da; edo bestela esanda, elektrizitate bihurtzen da. Hori zelula fotovoltaikoa deritzon bitartekariaren bidez egiten da, teilatuetan eta beste hainbat lekutan jartzen diren eguzki-panelen oinarrizko unitateen bidez. Goranzko tamaina-ordenan, zelula multzoek moduluak osatzen dituzte eta modulu-multzoek panelak.


Zelula fotovoltaikoak material erdieroaleen geruzez osaturik daude. Material erdieroaleek propietate elektriko bereziak dituzte eta tenperaturaren arabera isolatzaile edo eroale izan daitezke. Zelula fotovoltaikoak, oro har, siliziozko bi geruzaz osaturik daude. Eguzki-izpiak zelula jotzen duenean elektroiek geruza batetik bestera salto egiten dute eta, zelularen diseinuak hala behartuta, zirkuitu elektrikoan sartu behar izaten dute. Eguzki-izpiak etengabe iristen direnez, elektroiek ere etengabe salto egiten dute geruza batetik bestera eta, horrela, zirkuituan zehar korronte elektrikoa sortzen da. Hona hemen, beraz, zelula fotovoltaikoen sekretua.


Eguzki-panelez gain, instalazio fotovoltaikoek beste bi osagai nagusi dituzte: erreguladorea eta metagailua. Metagailuak egunean zehar ekoitzitako energia elektrikoa gordetzen du, ekoizpena urriagoa den unetan edo gauetan (ekoizpenik ez dagoenean) korronte elektriko konstantea jaso ahal izateko. Erreguladorea, berriz, segurtasun-sistema modukoa da: metagailua beteta dagoenean korronteari bidea moztu egiten dio, metagailuak inolako kalterik jasan ez dezan.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia