Eguzki-ekaitzek baleak lehorreratzea eragiten ote duten ikertuko dute
2017/02/13 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakina da itsasontziek erabiltzen dituzten sonarrek eragina dutela zetazeoen orientazioan. Baina, nonbait, horrek ez du azaltzen zergatik gertatzen diren, noizean behin, lehorreratze handiak. Beste hipotesi batzuen artean, eguzki-ekaitzek eragina izan dezaketela proposatu dute, eta horixe ikertuko dute, NASAk, BOEM Ozeanoko Energiaren Kudeaketa Bulegoak eta IFAW Animalien Ongizaterako Nazioarteko Funtsak elkarlanean.
Izan ere, badirudi zetazeoak gai direla eremu magnetikoa detektatzeko, eta orientatzeko baliatzen dutela. Beraz, litekeena da eremu magnetikoa asaldatzen duten fenomenoek zetazeoen nabigazioan eragitea; fenomeno horien artean, eguzki-ekaitzak dira nabarmenenak.
Zientzialariek milaka datu dituzte jasota, bai baleen lehorreratzeenak bai eguzki-ekaitzenak. Datu-meatzaritza erabilita, datu horiek denak elkarrekin erlazionatuta ote dauden begiratuko dute. Eta erlaziorik badago, lotura hori azal ditzaketen arrazoiak ikertuko dituzte. Horrez gain, eguzki-ekaitzen iragarpenak erabiliko dituzte, adi egoteko eta baleen lehorreratzeei aurre hartzeko. Udazkenerako agindu dituzte lehen emaitzak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia