"Egunero ikasteak betetzen nau"
2025/05/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nekane Martin Mendia ikertzailea da I+Med medikuntza pertsonalizatuko enpresan, eta, aitortu duenez, beti ikusi du bere burua ikertzaile gisa. “Beharbada, beti izan naizelako jakin-min handikoa eta dena ulertu nahi izaten dudalako”, azaldu du.
“Kimika, mate, bio, biokimika… alor guztiak gustatzen zitzaizkidan, eta ez nekien oso ondo zertan espezializatu. Iruditu zitzaidan Farmazia graduak denak batzen dituela, eta, gainera, zerbait aplikatua egiteak erakartzen ninduen. Bete-betean asmatu nuen. Beti esaten dut berriro berdina ikasiko nukeela, eta gehiago ikasteko aprobetxatuko nuke”, onartu du.
Unibertsitatean, praktikak egiteko aukera izan zuen, eta gustuko zuela ikusi zuen. Hala, gradua amaitu zuenean, gehienek farmazia-bulego batean lan egitera jotzen badute ere, berak ikerketaren bidea hartu zuen. Trantsizio-beka bati esker, I+Meden sartu zen, eta bi urtez zenbait proiektutan ibili ondoren, doktoretza egiteko aukera eman zioten enpresan bertan, teknologia farmazeutikoko programa baten barruan.
Zehaztu duenez, oftalmologiaren alorrean, askapen kontrolatuko nanopartikulak ikertzen dabil. “Teknologia hori sortzea da helburua, eta, gero, ikustea zer aktibo eta zer forma farmazeutikorako izan daitekeen egokia, patologia baterako edo besterako”. Haren esanean, asko betetzen du erabilgarria izango den zerbaitetan lan egitea. Horrez gain, lankideekin batera dabil, bai tesian, baita beste proiektu batzuetan ere, eta hori ere oso gustukoa du.
Hasieratik bukaerara
“Tesia egin ondoren zure helburua enpresan edo industrian lana egitea bada, horrela egiteak esperientzia ematen dizu, lana egiteko modua barneratzen baituzu. Gainera, tesiaren bidez sortzen den emaitza enpresan bertan aplikatuko da; enpresaren jakintzaren parte izango da”. Emaitzen eta hartutako bidearen arabera, aukera bat patente bat lortzea da. “Propietate intelektualaren kudeaketa kontuan izateko beste alor bat da”, ohartarazi du.
Bestalde, kontatu du lauzpabost urte daramatzala lanean I+Meden, eta, sartu zenean, 40 langile inguru zirela, eta, gaur egun, 180. “Orduan, ezagutu dugu enpresa ertain-txiki batean nola lantzen diren proiektuak, eta horrek eman digu aukera ikertzaile senior oso onekin eskuz esku lan egiteko. Haietatik ikasteko aukera pilo bat eduki dugu, baita proiektuak hasieratik hartu eta bukaeraraino eramateko ere. Adibidez, nik eduki dut proiektu bat hortzetako garbigarri bat egiteko konprimatu eran, eta gaur egun salmentan dago. Asko betetzen nau prozesu osoa egiteak eta ikusteak benetan aplikagarria dela”.
Amaitzeko, baieztatu du etorkizunean I+Meden jarraitu nahiko lukeela: “I+Med kooperatiba bat gara, eta etorkizun batean nire burua kooperatibako parte izaten jarraitzen ikusten dut. Beste ardura batzuekin eta beste funtzio batzuekin, pixka bat eboluzionatzen ere joan behar delako, baina ikerketan, proiektu berriak aurrera eramaten, helburu berriak lortzeko eta ikasten jarraitzeko. Azkenean horrek betetzen bainau: eguneroko ikasketa horrek eta zientzian ikasten jarraitze horrek”.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia