}

Egunero bizitza gozatzen diguten horiei, esker onez

2005/03/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

"Zurekin eztitan nago", "Ene bihotzeko azukre koxkorra", "Hain zara gozoa..." Garbi dago: gizon-emakumeok gozozaleak gara. Zuk zapore minak, garratzak edo gaziak nahiago dituzula? Beste askok bezalaxe. Baina haurretan eta zahartutakoan, denok ditugu gustuko zapore gozoak. Badirudi azukreak bizitza gozatzen digula, nahiz eta gaur egun ez duen garai bateko ospe ona. Gizendu egiten duela, txantxarra sortzen duela... Eskerrak bestelako gozagarriak ere badauden! Aukera zabala dago, beraz, egunerokoari mikaztasuna kentzeko.
Haurrak oso gozozaleak dira oro har, baina baita heldu asko ere.

Euskal Herrian gehien erabiltzen dugun gozagarria azukrea da. Azukre-kanaberatik edo erremolatxatik ateratzen da, eta, hainbat barietate egiten badituzte ere, ohikoena azukre zuria da. Produktu hau lortzeko lehengaia erabat fintzen da; azkenean, azukrea sakarosa hutsa da.

Sakarosa bi unitatez osatutako karbohidrato bat da: fruktosa eta glukosa. Karbohidratoen funtzio nagusia energia ematea da; beraz, azukrea produktu energetikoa da. Zehazki, lau kilokaloria ditu gramo bakoitzeko, eta beste ezer ematen ez duenez –ez zuntzik, ez bitaminarik, ez mineralik–, kaloria hutsak direla esaten da.

Hala ere, hori ez da erabat egia: kaloriez gain, zapore gozoa eta gustagarria ematen du, eta, hain juxtu, horregatik erabiltzen da janariak eta edariak gozatzeko. Gainera, aplikazio asko ditu gozogintzan eta janari-industrian, eta haren zaporea beti da atsegina, baita kontzentrazio altuetan ere.

Eztia, erleen opari

Azukrea, baina, ez da betitik erabili Euskal Herrian. XIV mendera arte ez zegoen azukrerik, eta gero ere ez zen ia erabiltzen. XVII. mendera arte, adibidez, botiketan saltzen zen, sendagai moduan. Zer erabiltzen zuten, orduan, gozatzeko? Erantzuna erraza da: eztia.

Azukrea ez da gizentzearen errudun bakarra; opilek eta gurinak ere badute eragina, noski.

Loreen nektarrez eta landare batzuen izerdiz, erleek ekoizten duten produktua da eztia. Osagai nagusia karbohidratoak dira, batez ere fruktosa eta glukosa, baina baditu beste batzuk ere: sakarosa, maltosa, rafinosa, isomaltosa, erlosa... Horretaz gain, ura du —% 20 baino gutxiago—, hainbat mineral —potasioa, kaltzioa, burdina, fosforoa, magnesioa, manganesoa eta kobrea—, bitaminak eta entzimak.

Eztiak duen bitamina-kantitatea ez da handia, baina, beste janarietan ez bezala, dezente irauten dute, ez dira erraz galtzen denborarekin. Nabarmenenak A, C, D, E eta B taldeko bitaminak dira. Bestalde, entzimak eztiaren osagai garrantzitsua dira, baina tratamendu batzuen ondorioz desagertu egiten dira, eta baita denborarekin ere. Horrexegatik, hain juxtu, laborategian erraz kalkulatu ahal dute eztiaren adina entzimen kantitatea neurtuta.

Osagai horiei esker, eztiak ezaugarri baliotsu ugari ditu. Gizon-emakumeek betidanik erabili izan dute janariak gozatzeko, baina baita sendatzeko eta jakiak kontserbatzeko ere. Gizakiak eztia biltzen zuela azaltzen duten lehen arrastoak Valentziako Bicorp herriko kobazulo batean daude.

Armiarma izeneko kobazuloan, horma baten ahurtasunean, gizon bat ageri da, erleak inguruan dituela eta hiru sokaz egindako eskailera-moduko batean igota, abaraskatik eztia biltzen. Ez zen opari makala izango garai haietan!

Lehen orain baino azukre-erremolatxa gehiago landatzen zen.

Gaur egun ere preziatua da, baina ez da, inondik inora, gehien kontsumitzen den gozagarria. Hala ere, batzuentzat gozatzeko ez dago eztia baino ezer hoberik. Izan ere, zapore gozoa izateaz gain, badu azidotasun pixka bat ere, eta horrek berezia egiten du. Horretaz gain, eztia egiteko erleek nektarra zein loretatik edo landaretatik bildu duten, zaporea asko aldatzen da ezti batzuetatik besteetara. Gozotasunean ere badago aukera, beraz.

Bestelako gozagarriak

Bai azukrea bai eztia gozagarri bikainak dira, baina azkenaldian bien kontsumoa jaisten ari da garatutako herrialdeetan. Arrazoia? Gizentzeko beldurra. Ondorioz, gero eta gehiago erabiltzen dira kaloriarik gabeko gozagarriak janariak eta edariak gozatzeko.

Kaloriarik gabeko gozagarri asko daude. Batzuk naturalak dira, eta janarietatik lortzen dira. Adibide garbiena frutek eta barazkiek duten fruktosa da. Esnetik, berriz, laktosa eta galaktosa ateratzen dira. Eztia ere, noski, gozagarri naturalen taldean sartzen da.

Bestetik, glukosatik edo sakarosatik abiatuta, energia gutxi ematen duten alkoholak lortzen dira: sorbitola, manitola, xilitola... Txikletan eta kaloria gutxiko edarietan ohikoak dira, ez baitute txantxarrik eragiten. Halaber, asko erabiltzen dira diabetikoentzat prestatzen diren janarietan; oso motel absorbitzen direnez, ez dute eragin handirik odoleko glukosa-mailan.

Stevia rebaudiana landaretik ateratako gozagarria azukrea baino askoz ere gozoagoa da.

Elikagai-industrian lan egiten duten alkimistak, ordea, urrunago joan dira, eta azukreekin eta karbohidratoekin zerikusirik ez duten gozagarri bortitzak asmatu dituzte. Sakarina, azesulfamoa, ziklamatoa, aspartamoa... gozagarri artifizial eraginkorrak dira. Sakarosa baino 50-500 aldiz gozoagoak dira, eta, gainera, ez dute kaloriarik ematen, ez baitira metabolizatzen.

Gozagarri artifizialak hain gozoak direnez, janariari edo edariari pittin bat botatzea nahikoa da zapore gozoa emateko. Horregatik, osasunean ez dute eragin handirik. Hala eta guztiz ere, dosia mugatzen duten arauak oso zorrotzak dira, asko hartuz gero albo-ondorio kaltegarriak eragiten baitituzte.

Oro har kontsumitzaileek gehigarri naturalak nahiago dituztenez, ikertzaileek naturan bilatzen jarraitzen dute, eta azken urteotan dezenteko arrakasta lortu du landare batetik eratorritako gozagarri batek, steviak. Stevia rebaudiana landaretik ateratzen da, eta azukrea baino askoz ere gozoagoa da.

Landarea Paraguayn eta Brasilen hazten da, eta hango indiarrek betidanik erabili izan dituzte hostoak matea eta bestelakoak gozatzeko. Izan ere, hostoak azukrea baino 30 aldiz gozoagoak dira, eta are gozoagoa da landare-estraktua: 200-300 aldiz gozoagoa, hain justu. Europako Batasunean oraindik ez dago baimenduta, baina Japonian, adibidez, erabiltzen dituzten gozagarrien % 40 stevia da. Antza denez, gozoarekiko zaletasuna unibertsala da.

Azukrea eta gizentasuna

Japonian erabiltzen dituzten gozagarrien % 40 stevia da. Hala ere, Europan ez dago baimenduta.

Egia da azukreak gizendu egiten duela. Azukre-gramo bakoitzak 4 kilokaloria ditu, eta zuzenean doaz odolera. Beraz, hartu orduko aprobetxa dezake organismoak azukrearen energia. Alabaina, une horretan ez badu energiarik behar, metatu egiten da, erreserban gordetzen da. Azukre gehiago hartuz gero, eta batere energiarik gastatu gabe jarraituz gero, erreserba handitu egiten da. Azken ondorioa: gizentasuna edo obesitatea.

Bestalde, beste karbohidratoek ere azukreak adina energia ematen dute, eta gantz eta olioek, berriz, kaloria gehiago dute gramo bakoitzeko: 9 kilokaloria, hain zuzen.

Hori kontuan hartuta, oso zaila da argaltzea edo ez gizentzea kafeari azukrea ez botatzeagatik bakarrik. Izan ere, zenbat kilokaloria ditu azukre-koilarakada txiki batek? Ez asko, eta erraz erretzen dira. Azukreaz gain egun osoan hartzen eta erretzen den kilokaloria-balantzeak egiten du azkenean kilokaloria gehiegi izatea, eta, beraz, gantz moduan gordetzea, edo, alderantziz, energia-beharrak asetzeko nahikoak ez izatea eta orduan gantz-erreserbak erabiltzea energia lortzeko.

Azukre-kanabera azukre-iturri garrantzitsua da.

Dena den, badaude bestelako faktoreak ere, eta ikertzaileak, horien berri izan ahala, azterketak egiten ari dira nola eragiten duten jakiteko. Esate baterako, ikerketa batzuen arabera, kaloriarik gabeko gozagarriekin alderatuta, azukreak jateko gogoa kentzen du, asetasun-sentsazioa areagotzen baitu. Nolanahi ere, ikertzaile guztiak ez datoz bat, eta badaude juxtu kontrakoa adierazten duten ikerketak. Janari edo edari gozoek jateko gogoa pizten dutela frogatzen dute ikerketa horiek.

Obesitatea arazo larria eta konplexua da, eta argi dago ez dagoela konpontzerik elementu bati soilik erreparatuta. Azukrea ez da errudun bakarra, eta arazoa ez da desagertzen azukrearen ordez kaloriarik gabeko gozagarriak hartuta. Hain erraza balitz...


Ezti-motak

Eztia gizon-emakumeek erabili zuten lehen gozagarria da.

Eztia egiteko erleak nektarra zer loretatik hartu duen edo zer landareren izerdiz egin duen kontuan hartuta, hainbat ezti-mota daude. Hauek dira batzuk:

  • Akazia: Anbar-kolorekoa da, xarabearen dentsitatea du, eta zapore eta usain leuna eta fina ditu.
  • Laranjondo-lorea: Anbar argiaren kolorea du, berezko usain ederra eta zapore leuna.
  • Txilarra: Likatsua da eta kolore nahiko ilunekoa. Usainak sandaloarenaren antza du, eta zaporea sarkorra da baina leuna.
  • Izpilikua: Biguna da eta anbar-kolorekoa. Oso zapore eta usain fina ditu.
  • Ezkaia: Kolore zuri grisaxka edo horixka du, eta zapore nabarmena.
  • Ezkia: Kolorea berdetik beltzera doa, zapore berezia du eta likatsua da.
  • Erromeroa: Kolore oso argia du, zuria edo anbar argia. Lurrintsua eta zapore leunekoa da.
  • Eukaliptoa: Kolorea okretik anbar ilunera doa. Zapore eta usain nabarmenak ditu, eta landarearen ezaugarri freskagarriak ditu.

Frutak: freskoak bezain gozoak

Frutatik fruktosa eta esnetik laktosa eta galaktosa azukreak ateratzen dira.

Anana, mahatsa, platanoa, gerezia, melokotoia... gozoak dira benetan! Gozotasun hori karbohidrato sinple bati zor diote, fruktosari, hain zuzen. Baina frutek ez dute fruktosaren monopolioa, inolaz ere. Azukre findua sakarosa hutsa da, eta sakarosaren bi unitateetatik bat fruktosa da. Eztiak ere fruktosa ugari du, baita barazki eta tuberkulu askok ere.

Sakarosaren aldean, fruktosa oso gozoa da; hortaz, janariak fruktosaz gozatuz gero, sakarosa erabilita baino kantitate gutxiago behar da. Horregatik, nahiz eta sakarosak bezala gramoko lau kilokaloria izan, argaltzeko dietetan erabiltzen da. Baina batez ere diabetikoek erabiltzen dute, ez baitu odoleko glukosa-maila igoarazten.

Nolanahi ere, ez da komeni gehiegi hartzea, bestela odoleko triglizerido-maila gehiegi igotzeko arriskua baitago. Bestalde, batzuek fruktosarekiko herentziazko intolerantzia dute, eta fruktosak kalte handia egiten die.


Azukre zuria ala beltza?

Osasunean duen eraginari dagokionez, berdin da azukre beltza ala zuria aukeratu.

Oso zabalduta dago azukre beltza zuria baino osasungarriagoa delako ustea. Alabaina, honetan ere usteak erdia ustel. Ezin da ukatu findutako azukre zuriak baino bitamina, mineral eta aminoazido gehiago dituela findu gabeak, baina dituen kantitateak hain txikiak direnez ez dago apenas alderik. Hortaz, osasunean duen eraginari dagokionez, berdin da bata ala bestea aukeratu.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.