Egunean aspirina bat?
2003/11/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Horixe dio, bederen, Ameriketako Bihotzaren Elkarteak, American Heart Association ia-ia ahalguztidunak. Eta, bide horretatik, elkarte horrek aspirina hartzea gomendatzen du, botika horrek dituen eragin kardiobaskular mesedegarriengatik. Dirudienez, estatubatuarrek kasu egin diote, egunero hartzen dituzten 80 milioi aspirinetatik gehienak ez baitira eguneroko min eta molestiak arintzeko, bihotzeko gaixotasunen arriskua gutxitzeko baizik.
Behar bezala erabiliz gero, botika hau (azido azetilsalizilikoa, azken finean) bizitza ugari salbatzeko gai da, albo-ondorio oso gutxi ditu, eta medikuei pazienteak hobeto identifikatu eta botika hori benetan erabiltzeko premiak zein diren jakiteko modua ematen die.
Bihotzaren onerako
Aspirinari propaganda egiteko batere enpatxurik gabe, ehun urte luze baino gehiagoko historian, botika ia miragarri honek ondotxo frogatu du gaixotasun hauek jasateko arriskua gutxitu egiten duela:
- Iktus zerebrobaskularra (garuneko istripu baskularra), lehendik ere beste iktus edo atakeren bat, edo hori iragartzen duen istripu iskemiko iragankorren bat, izan duten pazienteetan.
- Miokardioko infartua, lehendik jada infarturen bat edota bularreko angina-krisiren bat izan duten pertsonetan.
- Miokardioko infartu baten ondotik arazoak edo heriotza, botika miokardioko infartuaren aurreneko zeinuak nabaritzean hartzen baldin bada.
- Blokeo atzeragarria, lehendik by-pass kirurgia egin dieten pertsonetan, edo aurrez buxatutako arteriak desblokeatu dizkieten pertsonetan.
Laburbilduz, Espainian 2.000 lagun baino gehiago salbatuko lirateke urtean jendeak bihotzekoaren aurreneko sintomak nabaritu orduko aspirina hartuko balu. Bide beretik, arazo kardiobaskularrak prebenitzeko egunean behin 75-325 mg-ko dosiak hartzea aholkatzen da.
Gainera, aspirinarekin alderatuz gero, haren lehiakide izan daitezkeen beste analgesiko edo antitermiko batzuek (esaterako, parazetamola, ibuprofenoa, naproxenoa edo ketoprofenoa) ez dute inolako abantailarik osasun kardiobaskularrari dagokionez.
Eta mina arintzeaz gain…
Aspirina mina kentzeko hartzen da normalean, baina gaitz asko prebenitzeko ere baliagarria da.Zientzialariek badakite aspirinak prostaglandinen produkzioa gutxitzen duela; horregatik du gaitasuna mina arintzeko, hanturak murrizteko, nahiz bihotzekoetatik edo iktusetatik babesteko. Prostaglandinek plaketen agregazioa edo eranskortasuna erraztu edo bultzatzen dute odolean, eta horrek, azken finean, odol-hodien buxadura eragin dezake, eta, aldi berean, oxigenoa odoletik ehunetara askatzea eragotzi.
Garunean koagulu bat sortzen denean, esate baterako, iktus bat ager daiteke. Odolbildua bihotzean sortzen denean, berriz, ondorioa bihotzekoa izaten da. Prostaglandinak gutxitzen badira odol-koagulu arriskutsuak, miokardioko infartuak eta garuneko iktusak izateko probabilitatea ere dezente murrizten da.
Aspirina botika bikaina da, eraginkorra, merkea eta nahiko segurua. Hainbeste urtean, hainbeste lekutan eta hainbeste jendek erabili eta gero, zaharkituxea geratu da askorentzat, botika edo farmako berriek duen itxurazko erakargarritasuna falta zaio beste batzuentzat, baina, behar bezala erabiliz gero, oso mesedegarria da oraindik, eta horrelakoxea izango da datozen urteetan ere. Merkea izanda ere, aspirinak bihotzekoen prebentzioan duen eragina milaka euro balio duten beste terapia farmakologiko berriagoen parekoa da gutxienez, eta sarritan hobea.
Nori egin diezaioke mesede aspirinak?
Aspirinak mesede handia egin diezaieke paziente askori, esperientziak erabilera-datu oso kaskarrak ematen dizkigun arren. American Heart Association erakundearen arabera, AEBetan urtero gaitz kardiobaskularren eraginez hiltzen diren 90.000 lagunetatik 5.000-10.000 bitartean salbatuko lirateke, baldin eta jendeak aspirina hartuko balu bihotzekoaren aurreneko sintomak nabaritu bezain laster.
Aspirina miokardioko infartu bat edo iktus bat eduki eta bizirik atera diren “ia guztiek” hartu beharko lukete. Hala ere, miokardioko infartuaren lehenengo uneetan aspirina hartzeak hasierako terapia gisa balio duen arren, eta neurri sinple horrek ondorengo pronostikoa hobetzen duen arren, ezin har daiteke medikuaren zainketaren ordezkotzat. Eta, noski, aspirina hartzeagatik ez dugu ahaztu behar bizimodu osasuntsua egin behar dugula.
Laburbilduz, aspirina medikuaren zainketaren zati gisa ikusi beharko genuke, bihotzekoa edo iktusa jasateko arriskua duten pertsonen tratamendu-plan orokor baten barruan betiere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia