Eguerdia noiz den jakiteko metodoa
2001/06/01 Ares, Felix Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ibilbidearen erdira eguerdiko 12:00etan iristen da eta hori da, hain justu, Eguzkia zehazki hegoaldean dagoen unea.
Eguzkia zehatz-mehatz hegoaldean noiz dagoen jakiteko modua bagenu, 12:00ak noiz diren ere jakingo genuke. Argi, hala ere, 12:00ak Eguzkiaren arabera, ordu hori ez baitator bat gure ordulariek esaten dutenarekin. Ordulariek ordu ofiziala adierazten dute.
Udan, gure ordulariek arratsaldeko 2:00ak direla adierazten dutenean izango dira, gutxi gorabehera, Eguzkiaren 12:00ak. Bi orduko aldea egoten da bien artean. Neguan, aldea ordubetekoa besterik ez da.
Esperimentuan, eguzkiaren eguerdia zehatz-mehatz noiz den jakiteko metodoa azalduko dugu, ordu hori ordu ofizialarekin bat ez datorrela kontuan izanda. Une hori, hain justu, Eguzkia bere ibilbidearen punturik altuenean dagoen unea da.
Metodoa sinplea da; iparrorratza eta kaxa bat besterik ez ditugu behar, irudian ikus daitekeen moduan.
Iparrorratza kaxaren gainean jarri, ipar-hego orientazioan. Horretarako, egin kontu iparrorratzaren orratzak eta kaxaren alboetako ertzek paralelo egon behar dutela.
Kaxa ondo orientatuta dagoenean hau gertatuko da: 12:00ak baino lehen, Eguzkiak ekialdera begira dagoen kaxaren aldea eguzkituko du. 12:00ak pasatu direnean, mendebaldeko aldea argituko du. 12:00etan puntuan, Eguzkia justu-justu hegoaldean egongo da. Unetxo bat lehenago ekialdeko aldea argituko du eta unetxo bat geroago mendebaldekoa.
Alde batetik bestera pasatzen den unean bertan izango dira eguerdiko 12:00ak.
Saia zaitez esperimentua egiten eta apunta ezazu zehaztasunez zu bizi zaren tokian Eguzkiaren 12:00ak zer ordutan diren.
Zehatz-mehatz Greenwich-eko meridianoan bazeunde, 14:00tan direla apuntatuko zenuzke. Bertan ez zaudenez, tokiaren longitude geografikoaren araberako diferentzia dagoela ikusiko duzu.
Esperimentua egitea eta horrekin ondo pasatzea espero dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia