Egoskor jarrita
2017/09/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gaurkoan, porrotera kondenatuta nago. Izan ere, ikerketek erakutsi dute ia ezinezkoa dela mitoak ezeztatzea. Adibidez, txertaketen aurkakoei zuzendutako informazio-kanpainek emaitza etsigarriak eman ohi dituzte: kanpainen ondoren, gurasoak informazioa jaso aurretik baino are indar handiagoarekin sinesten dute txertoak kaltegarriak direla eta, beraz, haiei uko egitea dela erabaki zuzen eta egoki bakarra. Horrelakoak omen gara mitoekin, irrazionalak eta egoskorrak.
Hala ere, nik ere badudanez egoskorretik pixka bat, oso zabalduta dauden mito zientifiko pare bati aurre egiten saiatuko naiz. Lehena, minbizien detekzio goiztiarra eraginkorra dela heriotzak saihesteko.
Askok uste dute, zenbat eta goizago harrapatu, orduan eta aukera gehiago daudela minbizia sendatzeko. Eta hori horrela da minbizi-mota batzuetan, hala nola biriketako, umetoki-lepoko eta koloneko minbiziekin; ez, ordea, prostatako, tiroideko eta bularreko batzuekin. Minbizi-mota horietan, detekzio goiztiarrak ekar ditzakeen onurak ez dira eragin daitezkeen kalteak baino handiagoak.
Hori aintzat hartuta, aditu batzuek diote denbora gehiegi galtzen dela eztabaidatzen diagnostikorako probak 40 ala 50 urtetik aurrera egin behar ote diren. Horren ordez, hazkunde azkarra eta motela duten minbiziak bereizteko testak garatzea proposatzen dute. Eta ohar bat ere egin dute: tartean tartean osasun-probak egiteak lasaitzen bagaitu ere, berez, gaitzak prebenitzeko eraginkorragoa da bizimodu osasuntsua izatea, medikuarengana sarri joatea baino.
Bigarren mitoa: naturala bada, ona da. Uste hori erabat zabalduta dago, eta erruz erabiltzen da, esaterako, elikagaien publizitatean. Beti eta denean naturalaren alde egiteak, ordea, ondorio larriak ekar ditzake. Muturrera joanda, hala dio Chicagoko Suneel D. Kamath onkologoak: “Minbizia naturala da. Haren aurkako tratamendu onenak, ez”.
Gomendatutako tratamenduari uko egin eta bide naturalak baino onartu ez dituen paziente baten kasuak eraman du Kamath horrelako adierazpenak egitea. Kamathek ez du zalantzarik medikuntza alternatiboa deitutakoa oso lagungarria dela minbiziaren tratamenduan. Haren esanean, minbiziak sortutako mina, neke eta ondoez psikologikoari aurre egiteko eraginkorrak dira akupuntura, yoga, meditazioa, garbi jatea eta beste praktika batzuk, “gure tratamenduarekin batera eginez gero”. Eta errepikatzen du: “Horrelakoetan, artifiziala da aukera onena”. Hura ere egoskorra da, nonbait.
Berria egunkarian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia