}

Egin irri?

2016/11/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Interneteko bilatzailean irribarre, zientzia eta zoriona hitzak ingelesez idatziz gero, 50 milioi sarrera baino gehiago agertzen dira. Ez ditut guztiak begiratu, baina hasieran dauden gehienek gauza bera diote: zientziaren arabera, irribarre egiteak, arrazoirik gabe bada ere, zoriona dakar. Keinuak berak, alegia, ezpainak alboetara luzatu eta aldi berean masailak goratu eta begiak pittin bat kizkurtzeak sorrarazten omen du emozio pozgarria.

Eragin horren zergatia ere azaltzen dute askok, ikerketa zientifikoak aipatuz, eta gutxiago edo gehiago bat datoz ispilu neuronekin duela zerikusia. Neurona horiei esker, besteak zerbait egiten ikusten ditugunean (azkura egin, objektu bat hartu...), gure buruan ekintza hori irudikatzen da, guk geuk egingo bagenu bezala. Beraz, ispilu neuronak enpatiaren eta imitazioaren oinarri dira, eta beharrezkoak dira giza harreman egokiak garatzeko. Hala, ispilu neurona horiei zor diogu irri egiteko joera, beste norbait irriz ikustean, baita beste norbait hori gu geu garenean ere.

Irriaren keinuaren eta zoriontasun-emozioaren arteko lotura azaltzen duen erreferentziazko esperimentua aspaldikoa da. Strack, Martin eta Stepperrek egin zuten, duela ia hogei urte, eta oraindik aipatuena da.

Orain, ordea, Strack,Martin eta Stepperren ikerketa hura berriro egiten saiatu dira Europako eta Estatu Batuetako 17 laborategitan eta ia 2.000 pertsonarekin, eta egileek zalantzan jarri dute jatorrizko ikerketa haren balioa.

Perspectives on Psychological Science aldizkarian argitaratu dute azken ikerketa hau, eta, azaldu dutenez, esperimentu berbera egin dute, baina jende gehiagorekin, leku desberdinetan, eta emaitzak desitxura zitzaketen faktoreak zorrotz kontrolatuta. Emaitza: ezin da ondorioztatu aurpegiaren keinuak (irria) emozioa (poza) sorrarazten duenik. Horrenbestez, lehen ikerketa hartan ondorioztatutakoa eta gerora hainbeste zabaldutakoa ez zen orain arte uste zuten bezain sendoa.

Edonola ere, auzia ez da ikerketa horretara mugatzen. Hain zuzen, iaz beste ikertzaile-talde batek psikologiako ehun esperimentu berregin zituen, jatorrizko egoera eta metodologia berberekin, eta erditan baino gutxiagotan lortu zuten emaitza berdina; gainerakoetan, beste emaitza bat jaso zuten.

Horrek hankaz gora jartzen du metodo zientifikoaren hanketako bat: ontzat jotzeko, ikerketek errepikagarriak eta erreproduzigarriak izan behar dute; hau da, berriro egiteko modukoak izan behar dute, eta beti emaitza bera eman behar dute. Iazko azterketa Science aldizkari ospetsuan argitaratu zen, eta oraindik ez da itzali orduan piztutako kezka. Ez dirudi irriaren ikerketak giroa gozatzen lagunduko duenik.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia