EEBB-etako zigorrak errinozerontea salbatzeko?
1993/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegoafrikako errinozeronte beltzak desagertzear dauden une honetan, EEBB-ek errinozeronte-adarren merkatuan aritzen diren lau estatuen aurka zigorrak ezartzea pentsatzen ari dira.
Washingtonen burututako bilera batean faunaren aldeko taldeek, Txina, Korea, Taiwan eta Jemen salatu zituzten. Estatu hauek adar-salerosketan ari dira eta adar-mota hauek merkaturatzea, Espezie Babestuen Nazioarteko Merkataritzarako Batzarrak debekatuta du. EEBB-etako Gobernuak salaketa hau aintzakotzat hartzen badu, Presidenteak animaliekin zerikusia duten produktuen inportazioa galaraz dezake.
Txinan, Korean eta Taiwanen errinozeronteen adarren hautsarekin gaixotasun asko sendatzen da; haurren sukarra batez ere. Jemenen labanen girtenetan erabiltzen dira. Zenbait estimazioren arabera, estatu hauetako errinozeronte-merkataritzaren eraginez ia 60.000 errinozeronte hil omen dira, hau da, 1970. urtean Lurrean zeuden errinozeronteetatik % 85.
Errinozeronteak salbatzeko ahalegin handienak ehiztariekin egin dira. Namibian eta Zinbabuen errinozeronteei adarrak mozten ari zaizkie ehiztariek harrapa ez ditzaten. Adarrak kentzearen kostuak txikiagoak izan daitezen ehiztariekin safariak antolatzen dira, baina tiro egitean eskopetatik balak irten beharrean dardo lasaigarria irteten da. Ondoren ehiztariek errinozeronteen adarrak har ditzakete trofeo gisa.
Animalien aldeko erakundeentzat arestian aipatutako bidea positiboa da. Dena den, zenbaitentzat bide horrek ere errinozeronteak hiltzera eraman dezake.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia