Edertasunaren kirurgia
1990/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun bi kontzeptu bereizi beharra dago:
- Kalte handiak konpontzen dituen kirurgia plastikoa batetik (KONPONTZAILE deritzo horregatik)
- Kirurgia plastikoa edo estetikoa, bestetik.
Lehena kasu zehatz batzuetan erabiltzen da, e.b. kirurgia onkologiko gisa buruko eta lepoko minbizietan, edo Ortognatikaren barruan, malformazio kraniofazialak konpontzeko (ehun gogorrak nahiz bigunak izan, gaixoarentzat oso bizi-kalitate egokia lortzen bait da). Bigarrena, ordea, inolako traszendentzia patologikorik gabeko arazo edo akats fisikoak konpontzen saiatzen da; gaixoak horiek “kentzea” nahi izaten bait du.
Eta bi kirurgi mota horiek mediku/gaixo bikotearen arteko oso harreman desberdinak gauzatzen dituztela erraz konturatuko gara. Minbizi-kasu batean lehentasuna, noski, gaixoaren bizitza salbatzeak du. Bestearen baitan, ordea, garrantzi handikoa da interbentzio kirurgikoak gaixoari eskainiko dizkion baldintza eta egoera objektiboak oso argi edukitzea.
Estetikaren barruan gaur egun aurpegia gaztetzeak hartzen du lekurik nagusiena, operazioen kopuruari begiratzen badiogu. Eta kirurgia honetarako ez dago adin zehatzik. Duela urte batzuez gero, gero eta gazteagoak dira “edertasunaren eske” espezialista hauengana jotzen duten pertsonak.
* Betazalak
Betazalen kirurgia BLEFAROPLASTIA izenaz ezagutzen da: begien inguruan pilatutako larruazal sobrantea eta gantz-poltsatxoak kentzeko egiten den operazioa. Zenbait kasutan honekin batera, oso bekain eroriak zuzentzeko edota begien inguruan sortu diren zimurdurak desagerterazteko egin ohi da beste operazio bat ere (OILAR-HANKAK kentzeko, alegia).
Ebakuntza lehenik goiko betazalean egiten da eta ondoren behekoan, intzisioak betazalaren berezko ertzean, betileek ematen duten itzalarekin disimulatuz. Orbain hauek desagertzeko joera dute behin hilabete batzuk pasatu ondoren. Gaur egun teknikak lortu duen maila dela eta, operazioaren emaitzak bizitza osoan mantentzear dira eta normalean ez da beharrezkoa izaten bigarren ebakuntzarik.
* Sudurra
Askotan gertatzen da pazientea medikuarengana ideia jakin batekin joatea eta ideia edo asmo hau estetikarekin bat ez etortzea eta medikuak egin ditzakeen iradokizunekin pertsona asko hurbiltzen dira kontsultara “lifting” baten eske (aurpegiko larruazalaren teinkada, alegia), baina bere arazoa aztertu ondoren, kirurgilariak erabaki dezake kasu hori errinoplastiarekin konponduko dela.
ERRINOPLASTIA (edo sudurreko kirurgia plastikoa) sudurraren itxura estetikoa hobetzeko erabili ohi da normalean, punta erremodelatzeko, sudurraren eta goiko ezpainaren arteko angelua itsusi samarra bada zertxobait hobetzeko edo tamainaz txikiagotzeko. Ebakuntza ostean molestia txikiren bat ager daiteke (begi-inguruetako hantura eta ekimosiak adibidez), baina egun gutxi batzuen buruan desagertuz joango dira. Ez da komeni berehala mugimendu gogorrik eta bapatekorik egitea, baina bestela, pazienteak bizimodu normalari helduko dio berriro denbora gutxi barru.
* Aurpegia
Lifting deitua edo aurpegi-estiramendua, aurpegi eta lepoko beratasun edo bigundura konpontzeko kirurgiarik egokiena da. Hezurren egiturak, larruazalaren ehundurak eta pazientearen herentziak berak zerikusi handia dute lortutako emaitzak zenbat denboraz iraungo duten erabakitzeko orduan.
* Bularrak
Atal berezia da emakumearentzat. Kirurgia honetan ebakuntzak duen eragin psikologiko bereziagatik kirurgi mota edozein dela ere (bularrak handiagotzeko, txikiagotzeko edota jasotzeko egindako operazioak).
Zabalduenik dagoen operazioa bular txikiak dituzten pertsonei guruina handiagotu asmoz egiten zaiena da. Eta zeintzuk dira egoera honetara iristen direnak? Haurdunaldien ondoren bularra atrofiatu zaien emakumeak, edota bularreko minbizia dela eta mastektomia (edo bular-erauzketa) jasan dutenak.
Interbentzioa silikonazko protesi batzuk ugatz-guruinaren azpian edota bularreko muskuluen azpian ezartzean datza (azken teknika hau nahiago izaten dute espezialistek). Intzisioa edo ebakia, protesiak ezartzeko egiten dena, normalean areolaren inguruan burutzen da, eta orbainak beraz, ia sumaezinak dira, eta edonola ere, lehen hilabeteetan desagertuz joango dira.
Azken urteotan erabiltzen diren materialetan lortutako aurrerakadak direla eta, ia ezinezkoa da gaur egun protesien barruko silikona gelatinosoa kanporantz ateratzea. Gaurko protesiak lamina desberdinetan ezarria daukate silikona, eta horrek pazientearen eguneroko bizimoduan istripuak gertatzea ebitatzen du.
LIPOSUKZIOA Duela zazpi-zortzi bat urte Illouz izeneko kirurgilari frantsesa liposukzio izeneko teknika esperimentatzen hasi zenean, (bere lankideen erreparo edo irrifar eta guzti) inor gutxik pentsatuko zuen teknika horrek gaur egun lortu duen arrakasta edukiko zuenik; ezta gutxiago ere. Liposukzioa, ordea, garatuz eta modernizatuz joan da urteotan, pisu-arazoak dituzten pazienteek gehien eskatzen duten operazioa izateraino. Operazioa erraza, eraginkorra eta sinplea da, gainera. Presio altuko aspiradore baten bidez eta ebaki txiki batean zehar (ia arrastorik uzten ez duen ebakian zehar) posible da litro t’erdi edo bi litro gantz erauztea, pilatuta dagoen zenbait gorputz-zatitatik (aldaka, ipur-masail, izter, belaun eta sabeletik batez ere). Esan beharra dago operazio honek gantza besterik ez duela kentzen. Beraz, zenbait pertsonak larruazalean dituen sakonune edo zulotxoak ez dira desagertzen (LARANJA-AZALA). Interbentzio-mota honetarako egokietsienak diren pertsonak larruazal gaztekoak dira, elastikotasun handikoak; behin gantza sukzionatu edo hurrupatu ondoren larruazala egoera berrira hobeto egokituko bait da. Alderantziz, larruazalak elastikotasuna galdu baldin badu (eta hori normala da adineko pertsonengan) itxuraz gomendagarriagoa da lipektomia egitea; alegia gantzarekin batera larruazal sobrantea ere erauztea. Ebakuntz mota honek badu desabantaila bat ordea; ondoren zikatriz edo orbainak uztea. Liposukzioaren arriskuak minimoak dira: bigarren-hirugarren egunean bizimodu normala egin daiteke, nahiz eta operazio-osteko lehen astean gerriko berezi bat eraman beharko den, larruazala bere inguru berrira hobeki egoki dadin. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia