}

Eboluzioaren kronologia hobetzeko saioak

2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nola jakin daiteke bi espezie noiz bereizi ziren? Gizakia eta txinpantzea, adibidez, arbaso beretik datoz, baina une batetik aurrera bata gizaki eta bestea txinpantze bilakatu ziren; bi espezie ezberdin eta nahastezin.

Banaketa hori noiz gertatu zen jakiteko bi tresnaz balia daitezke biologoak: fosilak eta genoma. Fosilek gutxi gorabeherako kronologia kalkulatzeko balio dute, aurkitu diren banatutako espezieen ale zaharrenen bitartez. Hala ere, kalkulu horrek ezin du oso zehatza izan. Geneetan gertatu diren mutazioek, ordea, abiapuntu zehatzagoa eskaintzen dute. Mutazioen maiztasuna eta espezie bat bestea bilakatzeko behar den mutazio-kopurua kontuan hartuta, eboluzio-adarren banaketaren kronologia kalkula daiteke.

Orain, Estatu Batuetako Sudhir Kumar eta Sankar Subramanian biologoek geneen bidezko kalkulua hobetzeko estrategia bat proposatu dute. Gene guztietan ez dira maiztasun berarekin gertatzen mutazioak. Gainera, gene berean espezie batetik bestera alda daiteke mutazioen maiztasuna. Biologoek maiztasuna aldatzen ez duten geneak identifikatu dituzte eta, horien arabera, ugaztunen eboluzioaren kronologia kalkulatu nahi dute. Metodo horrekin genomaren % 60 baztertzen da kalkulua egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia