}

Ebolaren ezagutzan eta tratamenduan aurrerapausoak aurkeztu dituzte

2014/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Afrika mendebaldeko ebola-agerraldia geldiarazteko egitasmoa aurkeztu berri du Osasunaren Mundu Erakundeak. Helburu garbia du: agerraldia gertatu den herrialdeetan gaitzaren transmisioa etetea 6-9 hilabeteetan, eta beste herrialde batzuetara hedatzea galaraztea. Horretarako, ezinbestekotzat jo du nazioarteko lankidetza.

ebolaren-ezagutzan-eta-tratamenduan-aurrerapausoak
Augustine Goba, Sierra Leonako lehen ebola-kasua diagnostikatu zuena, Kenema Ospitaleko laborategian. Arg. Stephen Gire/Science

Izan ere, inoizko agerraldi larriena dela aitortu du. OMEren arabera, oraingoz, 3.000 infekzio baino gehiago detektatu dira, eta 1.400 heriotza eragin ditu. Gainera, orain arte baino osasun-langile eta ikertzaile gehiagori eragin dio birusak. Adibidez, Science aldizkariak birusaren sekuentzia genetikoaz argitaratu berri duen artikuluaren bost egile hil dira, ebolaren ondorioz.

Artikuluan, birusaren genomak izandako bilakaera azaldu dute egileek. Hain zuzen, Sierra Leonako 78 pazienteren 99 birus sekuentziatu dituzte; hala, agerraldiaren zehar, pertsona batetik bestera transmititzean, izandako mutazioak argitu dituzte, baita pertsonaren barruan izan dituenak ere. Horrekin batera, ikusi dute agerraldiak jatorri bakarra izan duela; hau da, behin bakarrik igaro dela birusa saguzar batetik (haiek dira birusaren gordailuak) pertsona batera. Gainerako infekzio guztiak pertsonatik pertsonara gertatu dira.

Kenema Ospitaleko laborategia. Arg. Stephen Gire/Science

Ikertzaileen esanean, birusaren genoma nahiko azkar ari da aldatzen, eta uste dute garrantzitsua dela bilakaerari jarraipena egitea, diagnostikoa hobetzeko, testak berritzeko beharra egon baitaiteke.

Horrez gain, birus gehiago sekuentziatzea proposatu dute, genomak alderatuz birusaren portaera ezagutzeko aukera dagoela uste baitute, esaterako, zenbateraino den hilgarria edo zer erraztasun duen hedatzeko.

Tratamendua, gero eta gertuago

Bestalde, Nature aldizkariak ere argitaratu du ebolari buruzko ikerketa bat. Hain justu, rhesus makakoetan, antigorputz monoklonalen konbinazio bat (ZMapp) ebola sendatzeko eraginkorra dela frogatu dute. Zehazki, Kanadako eta Estatu Batuetako ikertzaileak aritu dira elkarlanean, eta ikerketan erabilitako rhesus makako denak, hemezortzi, sendatzea lortu dute. Emaitza ezin hobea da, are gehiago kontuan izanda infekzioa gertatu eta bost egunetara hasi zutela tratamendua, ordurako makakoek gaitzaren sintoma larriak baitzituzten.

Kanadako Mikrobiologia Laborategiko ikertzaile bat. Arg. Kanadako Osasun Publikoko Agentzia.

Azaldu dutenez, ZMapp garatzeko, aurretik erabili izan diren beste tratamendu batzuetan oinarritu dira ikertzaileak. Tratamendu haiek ere antigorputz monoklonalak erabiltzen zituzten, baina eraginkortasun mugatua zuten. Orain, ordea, badirudi konbinazio aproposa asmatu dutela.

Ikertzaileek gogorarazi dute ZMapp hori bera erabili zutela ebola zuten bi osasun-langile estatubatuar tratatzeko, nahiz eta haiek zuten aldaera beste bat zen. Biak ere bere onera etorri zirela ikusita, eta makakoekin egindako esperimentuaren emaitzak aintzat hartuta, ikertzaileek espero dute berehala hasiko direla proba klinikoak egiten, lehenbailehen egon dadin ebolaren aurkako tratamendu seguru eta eraginkor bat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia