}

Ebola detektatzeko test berria

2002/02/27 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ebola birusa detektatzeko test laster eta eraginkorra garatu dute elkarlanean Europako hainbat laborategik eta Afrikako ikertzaile-talde batek. Teknika berria garatu duen lan-taldeak jakinarazi du, abendua ezkero Gabon zigortzen ari den ebolaren epidemia berria lehenbailehen geldiarazteko lorpen handia izango dela.
Ebola birusa.

Ebola birusa 1976an aurkitu zuten lehen aldiz Afrikan. Urte hartan epidemia hilgarria zabaldu zen Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sudanen. Urte batzuetan isilik egon ondoren, 1994a ezkero birusa Afrikako hainbat herrialdetan agertzen ari da berriz; 1994an Marfil Kostan, 1995ean Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ugandan 1999an eta Gabonen 1994an, 1995ean eta 1996an.

Ebolaren sukar hemorragikoa

Ebola primateentzat eta, batez ere, gizakiarentzat oso kutsakorra den filobirusa da. Kasurik larrienetan heriotza-tasa % 88koa izan daiteke. Gizakia kutsatutako tximinoarekin kontaktuak egoteagatik kutsatzen da maiz, baina oraindik ez dakite tximinoa nola kutsatzen den. Gizakitik gizakira, transmisioa azaletik edo gaixoaren jariakinetatik egiten da.

Ebolaren epidemia berria abendua ezkero ari da Gabon zigortzen.

Ebola birusak ez du aparteko sintomarik lehen egunetan, baina inkubazioaren 7. edo 8. egunetik aurrera sukarra hasten da. Hurrengo ondorioak tripako mina, goitika egiteko gogoa, behetikoa eta hemorragia aurretiko konjuntibitisa dira. Hilgarria ez den birusak 5-9 egun bitartean irauten du. Esan bezala, lehen egunetan ez da gaixotasunaren sintomarik izaten, eta horregatik da hain zaila birusa hasieratik identifikatzea. Teknika berria hutsune hori betetzera dator.

Diagnostiko berriaren printzipioa

Ikertzaileek birusa bera ez, baizik birusaren ADNa identifikatzen dute. Horretarako, birusaren ARNa ADN bihurtu eta, ondoren, ADN hori biderkarazten dute bi entzimari esker. Entzima horiek, alderantzizko transkriptasa eta polimerasa dira, eta teknika RT PCR siglekin ezagutzen da.

Teknika berriaren ideia ohiko RT-PCRaren bera da, baina askoz lasterragoa da eta manipulazio gutxiago eskatzen du. Hala, epidemia-garaian gaixoak dauden lekuan bertan erabili ahal izango da.

Orain arte ebola laborategian detektatzen zen.

Europatik jakinarazi dutenez, Europako hainbat laborategiren eta epidemia hurbiletik jarraitu duten Afrikako ikertzaileen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da emaitza hori lortzeko. lUMR2142 CNRS/bioMérieux (Frantzia) laborategiak gaixoaren odol-serumetan birusa harrapatzeko koloide magnetikoak garatu ditu. Dakarreko Pasteur Institutuak eta CRMPL ikerketa-unitateek, berriz, teknika hori sukar hemorragikoak eragiten dituzten birusetara egokitu dute. Ondoren, teknika sukar horiaren epidemietan probatu da, bertako ikertzaileekin elkarlanean. Oraingo ebola-epidemiaren aurrean, test berria ohiko RT-PCR teknikaren sentsibilitate-maila bera erakusten ari da, baina, esan bezala, askoz erabilerrazagoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia