E.A.E.ko Osasun Publikoari buruzko 1992ko Txostena
1994/03/01 Dorronsoro, Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
1992ko abenduaren hasieran E.A.E.ko Osasun Publikoari buruz argitara eman zen txostenak orrialde gutxitan osasuna eta bere mugatzaile batzuk aztertzen ditu.
Hitzaurrean esaten denez, lehenengo aldiz argitaratzen da, eta hori azpimarratu beharra dago; horrelako lanik gure artean gutxitan ikusten baita, nahiz eta beste herrialde garatu batzuetan urtero aurkitu ahal izan. Zortzi ataletan, demografia, osasun egoera, prebentzio eta asistentziako iharduera, osasun-promozioa eta administrazioa, eta osasun publikoaren inguruko hezkuntza eta ikerketa jasotzen dira.
Osasunaren inguruko datuen ondoan, E.A.E.ko biztanleriaren egituraren datuak aurki ditzakegu eta egitura horrek gerora sortuko dituen egoera eta arazo bereziak aurrikusteko aukera ematen du. Datu hauek ez dira berriak, jakina, baina gutxitan ikusi ohi dira horrela pilatuak, deskribapena eta ondorioa hain hurbil dutelarik. Biztanleriari dagokionez, inmigrazioaren bukaera, jaiotza-tasaren beherakada etengabea eta ondorioz biztanleriaren berezko hazkuntza negatiboa daude 1990etik aurrera, baina bizi-itxaropena asko luzatu denez, biztanleria zahartu egin da. Bestalde, hilkortasun tasa gordina jaitsi egin da eta lehen aipatutako bizi-itxaropena luzatzearen eraginez biztanleriaren zahartzeaz gain, hamalau urterartekoen kopurua oso desorekatuta geratzen da (oso gutxi dira, alegia).
Emakumeari dagokionez, azken urteotan lan-mundura erabat hurbildu da, eta ondorioz, ume gutxiagoz eta geroago erditzen gara.
Hilkortasunak erakusten duenez, E.A.E.n zirkulazio-aparatuko eritasunak dira heriotzen lehenengo arrazoi. Ondoren minbiziak eta beste eritasun degeneratiboak datoz. 20-35 urte-bitarteko gazteen artean berriz, istripuak dira lehenengo heriotza-arrazoi. Garai bateko eritasun infekziosoen garrantzia desagertu egin da, gazteengan izan ezik; hauengan HIESak galera handiak sortu eta sortuko baititu oraindik.
Beste atal ugari ere lantzen da, eta horien artean “Osasunaren Promozioa” izenburupean, haur, gazte, heldu eta zaharrentzako hainbat ihardueraren berri ematen da.
Azpimarragarria da (ez da kasualitatea, dudarik gabe) ia iharduera guztiak osasun hezkuntzaren mundukoak direla irakurtzea. Eta jakina denez, osasun-hezkuntzak jendearengan ohiturak aldatzea edo egokitzea du helburu, izan daitezkeen osasun arazoei aurrea hartzeko asmoz. Adibidez, urtetan aurrera doan emakumearen haurdunaldiak dituen arriskuak aipatzen dira; edo haurren ahoko osasunerako ekintzak; HIESaren aurkako edo prebentziorako gazteen sexu-hezkuntza; helduentzako osasun-hezkuntzaren beharra; tabakoa, alkohola eta zenbait diagnostiko goiztiarren kasuetan eta lan-munduan prebentzioa garatu beharra.
Lehen aipatutako hilkortasun-arrazoi guzti horiek neurri handi batean bizimoduari, eguneroko ohiturei, lotutakoak direla esatea ez da gauza berria (zirkulazio-arazoak eta tabakoa, tentsioaren kontrola, edo kolesterola eta sedentarismoa; minbizi batzuk eta tabakoa edota lan-inguruneko arriskuak, gazteen bide-istripuak eta zenbait ohitura, etab.), eta osasun-promozioa nora gidatzen den ikustea esanguratsu da.
Aspaldidanik, eta sarritan esan ohi denez, gure osasuna askotan geure esku egoten da neurri batean. Hiltzeko modua eta gaixotzeko modua gure ohituren araberakoak dira arazo nagusietan. Osasun-zerbitzuek, jakina, asko egin dezakete (onak badira) gaixotzen garenean, baina gaixotzearen errua erdia geurea dela esatea ez da erraza.
Bestalde, baliabide sanitario, biologiko, medikoak eritasun horiek sendatu edo desagertarazteko gai ez badira eta guk ere neurri batean zerbait egiterik badugula argi badago, beste irtenbiderik ez ote dugun geure buruari esaten hasi beharko dugu, zalantzarik gabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia