DVD berriak, urrezkoak eta bost dimentsiokoak
2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Informazioa DVDetan gordetzeko modu berri bat asmatu dute, eta garatzen ari dira, Australiako Swinburne Teknologia Unibertsitatean. Sistema berriak 1 terabytetik gora gorde ahal izango ditu (bilioi bat bit), orain informazio gehien gorde dezaketen DVDek baino 10.000 aldiz informazio gehiago.
Urrezko nanomakilatxoak erabili dituzte DVDaren tamaina aldatu gabe haren edukiera hainbeste handitzeko: informazioa idazteko geruzetan, hainbat luzeratako nanomakilatxoak txertatu dituzte. Makilatxoek xurga dezaketen argi-mota duten luzeraren eta orientazioaren araberakoa denez, hainbat laser-mota erabili dituzte informazioa grabatzeko.
Batetik, laserraren polarizazioarekin "jolastu" dute. Polarizazio jakin bat duen laserra bere norabidean orientatuta dauden urrezko partikulekin baino ez da jartzen elkarrekintzan. Elkarrekintza horretan, urrezko partikulak urtu egiten dira, eta makilatxoak zirenak esferatxo bihurtzen dira. Hala, DVDaren zati bat grabatuta gelditzen da. Laser horren norabidean orientatuta ez zeuden partikulak, ordea, erabili gabe gelditzen dira.
Horiek grabatzeko, beste polarizazio bateko laserra erabil daiteke, edo beste uhin-luzera edo kolore bateko argia. Izan ere, uhin-luzera bakoitzeko argiak luzera jakin bateko makilatxoetan bakarrik du eragina. Argi polarizatuarekin bezala, hainbat koloretako laserra erabilita, informazio asko gorde daiteke espazio jakin batean.
Bada, ikertzaileek bi polarizaziotako eta hiru koloretako laserrak erabili dituzte diskoetan idazteko. Gainera, oraingo DVD ahaltsuenetan bezalaxe, geruza batean baino gehiagotan idatzi ahal izan dute informazioa. Hala, 140 gigabyte informazio gorde ahal izan dute diskoaren zentimetro kubiko bakoitzeko.
Hainbat geruzatan idazteari hiru dimentsiotan idaztea esaten zaio. Azken urteetan laugarren dimentsio bat gehitzea lortu dute adituek, diskoetan idazteko polarizazioak edo uhin-luzerak eskaintzen dituzten aukerez baliatuz. Ez zuten lortzen, baina, bi horiek batera erabiltzea disko berean, eta bost dimentsioetara iristea. Horixe lortu dute Australiako ikertzaileek urrezko nanopartikulekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia