}

Dortoka erraldoien bizitza luzea

2004/07/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Galapagoetako dortokak ezagunak dira, besteak beste, Darwinek kontuan izan zituelako eboluzioaren teoria idazteko. Gaur egun babestuta daude, baina gorabehera asko bizi izan dituzte, eta subespezie batzuk betiko desagertzeko zorian daude.

Galapagoetan 15 subespezie dortoka erraldoi ( Geochelone nigra ) dago.

Dortoka erraldoi hauek jatorrizko bizilekuan ikusi nahi badira, bidaia luzea egin behar da: Galapago uharteetara. Ozeano Pazifikoan daude, Ekuadortik 1.000 bat kilometrora; 18 uhartek osatzen dute Galapagoetako artxipelagoa.

Uharte horietan bizi diren animalia eta landare asko endemikoak dira, hala nola, itsas iguana, hegan egiten ez duen ubarroia eta, nola ez, dortoka. Ez da harritzekoa, beraz, Charles Darwin txundituta geratu izana han aurkitutakoarekin. 1835ean izan zen Darwin Galapago uharteetan; eta inoiz ikusi gabeko espezieak eta subespezieak aurkitu zituen; eta horien arteko harremanak ikertuta idatzi omen zuen eboluzioaren teoria.

Ingalaterrara itzultzean, hiru dortoka eraman zituen Beagle itsasontzian Darwinek. Ez ziren dortoka helduak, horiek ehun kilotik gorakoak izaten baitira, 'plater baten neurrikoak' ziren Darwinen beraren hitzetan. Bada, antza denez, hiru dortoka horietako bat oraindik bizi da; Australiako zoo batean dago, eta, adituek kalkulatu dutenaren arabera, 174 urte ditu.

Galapago uharteak bolkanikoak dira, eta oso lehorrak; ingurune horretara egokituta daude dortoka erraldoiak.

Hamaika gorabehera

Harriet-ek, hala du izena dortoka horrek, bizitza luzea eta gorabeheratsua izan du: Ingalaterran urte batzuk igaro eta gero, Australiara eraman zuten, eta han parke, museo eta zoo batean baino gehiagotan bizi izan da.

Dena dela, Harrietek egindako joan-etorriak nahiko ohikoak dira dortoka hauetan; izan ere, mila aletik gora bizi da Galapago uharteetatik kanpo, parkeetan, zooetan eta antzekoetan. Aldi berean, uharteetan bertan geroz eta gutxiago dira dortoka erraldoi horiek, eta subespezie batzuk galtzeko arrisku bizian daude.

Pentsa daiteke azken urteotan egoerak okerrera egin duela, baina dortoken populazioaren gutxitze nabarmenena XVI. mendean hasi zen. Uharteak 1535ean aurkitu zituzten, eta, geroztik, itsasontzi asko gerturatzen zen janariz eta urez hornitzera. Eta dortokak haragi-iturri oparoa ziren marinelentzat.

Gizakiak uharteetara eramandako ahuntzek eta gainerako etxe-abereek ere ez zieten onik egin dortokei. Txakurrek eta katuek, esaterako, dortoka-arrautzak jaten dituzte, eta ale gazteenak ere akabatzen dituzte. Horretaz gain, dortokek oro har abere belarjaleekin lehiatu behar izaten dute elikatzeko.

George 'bakartia'

Dortoka erraldoiak belarjaleak dira.

Dortokak bakanduz joan dira, eta bada bere subespeziean bakarrik geratu denik ere. George 'bakartia' Pinta uharteko subespezieko dortoka ar bat da, eta gaur egun ez da uharte honetako beste dortokarik ezagutzen. Georgeren egoerak zalantza eta eztabaida etikoak ekarri ditu. Aditu batzuek uste dute kosta ahala kosta ugaldu behar dela, eta beste batzuek, aldiz, subespezie bereko eme bat aurkitu arte itxaron behar dela.

Eta hor dago George gaixoa, eztabaidaren erdian, gogaituta eta triste. Haren zaintzaileak kezkatuta daude, noski, baina benetan kezkatzen dituena da Georgek ez duela sexurako interesik. Eta hori ez da ohikoa dortoka ar batentzat; izan ere, sexurako gogoa dutenean ez dira oso zorrotzak izaten bikotea aukeratzeko; harri biribil handi samar bat tokatzen bada parean edo hildako dortoka bat, berdin-berdin ekiten diote lanari.

Georgeren libidoa piztu nahian, bi dortoka eme lirain ekarri zizkioten, baina ezta hala ere! Georgek ez die emeei jaramonik egiten. Horregatik, badira urte batzuk Pinta uhartean dortoka-eme baten bila dabiltzala; eta mundu osoan sakabanatuta dauden Galapagoetako dortokei DNA azterketak egiten ari dira, zoo edo parkeren batean Georgeren subespeziekideren bat egon daitekeelakoan.

Galapagoetako dortoka erraldoiak 150 urtetik gora bizi daitezke.

Izan ere, subespezie bereko eme batek errazago kitzikatuko duela uste dute adituek. Eta Georgek emea estali eta ugaltzea lortuz gero, Pintako subespeziea ez desagertzea lortuko litzateke. Ikertzaileen ametsa Pinta uharteko jatorrizko ekosistema berrezartzea da, eta horretarako beharrezkoa da hango subespezieko dortoken kolonia bat osatzea. Eta, horretarako aukera bakarra, oraingoz, George Pintako dortoka eme batekin ugaltzea da.

Dena dela, Georgeren zaintzaileek ez dute inolako presarik. Gaztea da oraindik, ehun urte baino ez ditu, eta, beraz, oraindik astia dago erabakitzeko ugalketa bortxatzea beharrezkoa den. Baiezkoa erabakiko balitz, genetikoki antz handiena daukan dortoka emea aukeratu beharko litzateke, eta ugalketa-metodo artifizialak erabili beharrezkoa izanez gero.

Georgeren kasua muturrekoa da, baina beste uharteetako subespezie askotan ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Horrela dago Galapagoetako dortoken egoera. Luze bizi dira, eta gizakia uharte haietara iritsi zenetik mila gorabehera eta joan-etorri bizi izan dituzte dortoka horietako askok. Gaur egun, Galapago uharteetan bertan bizi direnak babestuta daude, eta beste lurralde batzuetara eramandako dortokak jatorrizko bizilekura ekartzen saiatzen ari dira.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia