}

Doping-a, kirola lehia bihurtzearen ondorio

1999/05/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nahiz eta ingelesik jakin ez, off side, corner, surfing, eta rafting bezalako hitzak guztiontzat ezagunak dira. Azkenaldian, horietako beste bat ingelesik jasotako hitzen ranking-ean (hau ere hortik dator!) gorantz doa, tamalez:
doping hitza. Zer da, baina, doping-a? Nola dopatzen dira kirolariak?
Nola jakin daiteke dopatuta daudela? Osasunarentzat ba al du arriskurik? Galdera horien erantzunak ondorengo lerroetan.

Kirolaren eta zientziaren arteko lotura gero eta estuagoaren eraginez gertatu den aurrerapena ukaezina da. Pentsa urte gutxitan kirola egiteko tresnetan, arropetan eta materialetan zenbat aurreratu den. Horretaz ohartzeko sasoi bateko kirolarien itxurari eta gaur egungoei begiratzea nahikoa da. Gogoratu Txomin Perurenak eta enparauek erabiltzen zituzten bizikletak, eta alderatu Abraham Olanok erabiltzen dituenekin, itxuran, pisuan, aerodinamikan eta erosotasunean zenbat aurreratu den ikusteko. Erreparatu Himalaiarako lehen espedizioetan eraman zituzten oinetakoei, dendei eta arropei, eta begiratu gaur egungoei. Aurrerapen guztiak teknika eta industria kirolera hurbildu izanaren ondorio dira.

Kirolarien elikadurari eta prestakuntza fisikoari buruz ere, antzeko gauza esan daiteke. Plazara irten baino lehen txuleta-jana egiten zuten harrijasotzaileak edo aizkolariak tokitan geratu dira; lehia eguneko bezperan entrenamendu-saio ikaragarriak egiten zituzten kirolariak ere, tokitan daude. Kirolariek dieta zorrotzak egiten dituzte, euren ezaugarrietara eta egiten duten kirolera egokituak; goitik behera kontrolatutako entrenamendu-saioak egiten dituzte, kirol-teknikarien eta sendagileen laguntzarekin aurrez planifikatuak, gorputzak nola erantzuten duen ikusteko behin eta berriz kontrolak eginez, guztia neurtuz. Kirolari profesionalentzat da esandako guztia, baina hasten direnentzat ere dexente aldatu dira gauzak, txiki-txikitatik kirol-eskoletara joan eta pausoz pauso prestatzeko aukera baitago.

Hala ere, kirol garatuaren deskribapen horretan ustezko garapena zalantzan jartzen duen puntua bada, entrenamenduaz haratago doana: doping-a, komunikabideetako kirol-saioetan ohiko bihurtzen ari dena.

Doping-a orekaren hausle

Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren esanetan doping-a errendimendu fisikoa hobetzeko gorputzarentzat arrotz diren substantziak hartzea, edo arrotz ez direnak ezohiko metodoz hartzea da. Arrazoi etikoak eta sortzen dituen osasun-arazoak direla medio, kirolean doping-a debekatuta dago. Izan ere, lehiatzean kirolaren oinarrietako bat parekotasuna da, eta doping-ak parekotasun hori hautsi egiten du. Bestetik, bat-batean giza gorputzaren errendimendua hobetzen badu ere, luzera kaltegarritzat jotzen da, hartzen diren hainbat produktuk bigarren mailako ondorio arriskutsuak dituelako.

Doping auziek gogor astindu dute txirrindularitza.
B. Kortabarria

Doping-aren historia aspaldikoa den arren, gehiegi erabiltzea 1945. urtetik hona areagotu da. Dopatuta ibiltzeak lehiaren oreka apurtzen zuela jakinda ere, drogak erabiltzea kirolean 1967. urtera arte ez zen debekatu. Trikimailutzat hartzen zen, baina ez zegoen debekatuta. Urte hartan Tom Simpson txirrindulari britainiarra, Frantziako Tourrean parte hartzen ari zela, Mont Ventoux mendatea igotzean hil egin zen. Gerora egindako azterketek gorputzean anfetamina ugari zuela erakutsi zuten. Britainiarraren heriotzak izan zuen oihartzunaren ondotik iritsi zen doping-aren debekua. Doping-aren aurkako kontrolak, berriz, 1972. urtean ezarri ziren, Munich-eko Olinpiadetan. Hala ere, doping-a gaur egun ez dago oraindik debekatuta kirol guztietan, tenisean esate baterako ez dago kontrolik.

Kirol-saioa bukatu eta gero egin ohi dira doping-kontrolak, txiza-laginak hartuz. Laginari kode bat jartzen zaio eta zigilua ere bai. Laginaren zati bat berehala analizatzen da; bestea, bigarren analisia egin beharra balego ere, gorde egiten da. Laborategietan aztertzen dira txiza-laginak, gas-kromatografia, goi-presioko kromatografia likidoa, eta masa-espektrometriako teknikak erabiliz. Txirrindularitzan odol-analisiak ere egiten dira, EPOaren agerpena dela eta. Horiek orain arte analisiak egiteko erabili diren bideak dira; behar bada aurrera begira aldatu egin beharko dituzte, gaur egun dauden doping-mota guztiak ezin baitira horrela kontrolatu.

Doping-motak

Tabakoa eta alkohola alde batera, orain arte doping-substantziak 6 ataletan banatu izan dira: analgesiko narkotikoak, bizigarriak, beta-blokeatzaileak, diuretikoak, hormona polipeptidikoak, eta esteroide anabolikoak. Atal horiez gain, gaur egun odol-doping-az ere hitz egin daiteke, eta horrekin batera, eritropoietinaz.

Bizigarriek bizitasun fisikoa eta psikikoa eragiten dute, lehiakidearen ondoan abantaial sortuz.

Analgesiko narkotikoak lesioen eta gaixotasunen ondorioz sortzen den mina arintzeko erabiltzen dira eta analgesia-ataria handitzen dute. Menpekotasun fisikoa eta psikikoa sortzen dutenez, luzera begira oso kaltegarriak dira.

Bizigarriak, nekea arintzeko, odolaren zirkulazioa hobetzeko, oxigenoaren eskuragarritasuna handitzeko eta erasokortasuna eta lehiarako grina sustatzeko erabiltzen dira. Lehiakidearen ondoan abantaila sortzen duen bizitasun fisikoa eta psikikoa eragiten dute. Bizigarriak erabili eta gero kirolari bat baino gehiago hil da. Bizigarrien talde honetan anfetaminak eta bere eratorriak, efedrina eta bere eratorriak eta kafeina erabilienak dira. Bizigarriak oso eskura daude, adibidez gripearen sintomak ahultzeko erabiltzen den hainbat botikaren konposizio kimikoan sartzen dira. Jakina, doping-kontrolak pasa behar dituzten kirolariek nahitaez kontuan hartu behar dute hori. Kafeina talde horretan sartzen bada ere, bere ohiko erabilera —kafean, koladun freskagarrietan…— ez da arriskutsua kirolarientzat, kontrolean positibo emateko hamar kafetik gora hartu beharko liratekeelako. Bizigarrien gehiegizko erabilerak eragin kaltegarri asko ditu, besteak beste takikardia, hipertentsioa, insomnioa, haluzinazioak eta heriotza sor dezake.

Beta-blokeatzaileak medikuntzan bihotzeko gaitz, hipertentsio, eta arritmiei aurre egiteko erabiltzen dira. Batez ere, zehaztasuna eta pultsua oinarrizko diren kiroletan —esate baterako billarrean edo arku-tiraketan— erabiltzen dira, dardara, antsietatea eta urduritasuna baretzen laguntzen dutelako. Bihotzeko arazorik ez dutenek beta-blokeatzaileak maiz erabiltzen badituzte, hipotentsioa eta nekea jasan dezakete. Bihotzekoa ere eragin dezakete.

Giharren gaitasuna handitzen laguntzen duten botiken eskaintza zabala dago merkatuan.

Diuretikoek jariakin organikoak ezabatzen laguntzen dute. Medikuntzan diuretikoak likidoen erretentzioari, bihotzeko, gibeleko eta giltzurrunetako arazoei, eta hilekoaren aurreko eguneko tentsioari aurre egiteko erabili ohi dira; kirolean, berriz, beste droga batzuk erabili direla estaltzeko edo eta pisuka egiten den kiroletan (boxeoa, judoa, karatea) arinagoekin lehiatu ahal izateko, ura galtzeak pisua galtzea baitakar. Kirola egin aurretik, egiten den bitartean eta ondoren gorputzak likidoa pilatu behar duenez, likido gehiegi galtzeak deshidratazioa eragin dezake.Ondorioz, bertigoak, giharretako karranpak, goragaleak eta buruko minak sor daitezke, eta luzera begira giltzurrunak eta bihotza kaltetu, heriotza eragin arte.

Azkenik esteroide anabolikoak ditugu. Hormona esteroideak berez sortzen dira gizonezkoen eta emakumezkoen organoetan. Hormonek —testosterona barne— giza gorputzean gizonezkoen organo sexualen funtzionamenduaren eta hazkuntzaren eta efektu maskulinizatzailearen arduradunak dira. Efektu horiei androgeniko deitzen zaie, eta gizonezkoen hormona sexualei androgeno. Giharretako ehunen garapenaz arduratzen dira, gorputzean era anabolikoan eraginez. Orain arte ez da eragin anabolikoa bakarrik duen esteroiderik garatu, denek dute bigarren mailako eragin androgenikoa ere. Esteroide anabolikoak medikuntzan anemiaren, hezurretako gaixotasunen eta minbizi-mota batzuen aurka erabili dira; baita hormona gutxitxo duten gizonezkoen arazoetan ere.

Entrenamendu-saio zehatzekin eta dieta egokiarekin osatuz gero, esteroide anabolikoek gorputzean proteina gehiago sortzea eragiten dute, giharrak eta, ondorioz, indarra handiagotuz. Horrela kirolariak gehiago eta indar handiagoz entrena daitezke, eta baita bizkorrago errekuperatu ere. Gehienbat iraupen laburreko eta intentsitate handiko kiroletan erabili izan dira. Edonola ere, erasokortasuna handitzen dutenez eta globulu gorrien sintesia bizkortzen dutenez, estres-egoeran erori gabe entrenamendu-karga handiagoak gainditzen lagun dezakete. Horregatik iraupen luzeko kiroletan ere erabili izan dira.

Esteroide anabolikoak erabiltzeak arrisku asko ditu: hipertentsioa, ikterizia, tumoreak, odol-isuriak, gibelak gaizki lan egitea, hezur-garapena blokeatzea, paranoiak, antzutasuna eta inpotentzia. Emakumezkoengan aldaketak eragin ditzakete sexu-organoetan, eta gorabeherak hilekoan. Aldi berean, gizonezkoen ezaugarriak gara daitezke emakumezkoengan: besteak beste ilea aurpegian, aknea, eta ahotsa sendotzea. Esteroideak hartzeari utzita ere, aldaketa horien prozesua ez da geratzen. Ez da uste menpekotasun fisikoa sortzen dutenik, baina bai psikikoa.

Anabolizatzaileetan ezagunenetarikoa Clenbuterol-a da. Clenbuterola abereak ilegalki gizentzeko erabili izan da; medikuntzan, berriz, asmari aurre egiteko. Baina dopatzeko ere erabili dute, giharrak haztea eragiten duelako. Luzera begira ez dago jakiterik zein eragin izan dezakeen, baina ugari hartuz gero, takikardiak, urduritasuna, insomnioa, antsietatea, zainetako presioa igotzea eta buruko mina eragiten ditu. Clenbuterolak eragin ditzakeen kalteei erreparatzeko adibide bat: 1992. urtean Kataluniako 169 pertsonak Clenbuterolaz gizendutako txahalen haragia jateagatik deskribatutako sintomak pairatu behar izan zituzten. Horregatik hiru abeltzain epaitu zituzten.

Hormona polipeptidikoak erabiltzeak ere antzerako ondorioak ditu, giharrak eta ehunak indartzen baitira. Hauen artean erabilienetakoa hazkundearen hormona da. Hazkundearen hormona hipofisian sortzen da berez, burmuinaren azpian dagoen guruin txiki batean. Guruin horrek hormona odolera jariatzen du eta odolak hainbat organotara eramaten du, besteak beste giharretara. Substantzia horren eraginez hainbat ehun hazi egiten dira, aminoazidoak zelulatik zelulara eramanez. Horretaz gain, hazkundearen hormonak proteinen hazkundea bultzatzen du eta karbohidratoen eta lipidoen metabolismoan eragiten du. Hazkundearen hormonak pisua galtzen laguntzen du, baina proteina-kopuruan eta giharren tamainan eragin gabe. Dopatzeko orduan abantaila ere badu hazkundearen hormonak, hartu eta 40 ordura erabat desagertzen baita. Beraz detektatzea ia ezinezkoa da.

Odol-doping-a

Doping-a detektatzeko kontrolak kirol saioa bukatu eta gero egin ohi dira, baina gaur egun badira ohiko doping kontroletan antzeman ezin daitezkeen doping-motak.
E. Arrojeria

Globulu gorriek oxigenoaren garraioaz arduratzen dira. Sasoi batean, lehiaketa baino lehen, globulu gorrietan aberastutako odola —denbora batean altueran egonda kirolariari ateratakoa eta ondoren gordetakoa— zainetatik barneratzen zen. Une horretan kirolariak globulu gorri gehiago zituenez, oxigeno gehiago eraman zezakeen ehunetara. Gaur egun horrelakorik ez da egiten, praktika horren orden eritropoietina erabiltzen da.

Eritropoietina edo EPOa hormona naturala da, globulu gorriak ekoiztea agintzen duena; ondorioz, era artifizialean sortzea zaila da. Irtenbidea EPOa egitea agintzen duen geneari, beste izaki batean egitea agintzea da —gehienetan bakterio batean— eta handik atera. Horrela lortzen da EPO sintetikoa.

EPO sintetikoa eta naturala ezin dira bereiztu, beraz EPO gehiegi izateak ez du nahitaez doping-a esan nahi. Esate baterako, altitude handiko lekuan entrenatuz gero lor daiteke EPOaren gehikuntza hori. EPO sintetikoaren eta naturalaren eragina berdina da. Odolak globulu gehiago izateak odolaren biskositatea handitzen du, eta bihotzari ponpatzea gehiago kostatzen zaionez zainetako presioak ere gora egiten du. Horregatik ez da globulu gorrien kopuru jakin batetik gora kirola egiten uzten. Doping-mota hau frogatzeko ohiko gernu-kontrolak ez dira egokiak eta horregatik kontrol gabeko doping-a dela aipatu izan da. Txirrindularitzan globulu gorrien kopurua jakiteko odol-analisiak egiten dira, askotan txirrindularientzat oso egokiak ez diren baldintzetan, eguneko lehen orduetan esnatzen baitituzte. Globulu gorriek odolean betetzen duten bolumenaren ehuneko zenbatekoa adierazten duen parametroa hematokritoa da. Normalean odol-analisietan sueroa % 55 izaten da eta hematokritoa % 45. Txirrindularitzan hematokritoa % 50etik gora igotzen denean, doping-a dagoela erabakitzen da. Txirrindulariak lasterketa utzi behar du eta hilabetez ezin izaten du lehiatu.

Zigorra, ohiko doping-zigorra baino txikiagoa da. Izan ere, hematokritoaren froga ez da zuzena, zeren eta —adibidez— altueran entrenatuz gero EPO asko ekoitz baitaiteke, eta ondorioz hematokritoa altua egon daiteke, eta baliteke ere berez hematokritoa altu izatea. Dena den, maila baxuagoa izateak ez du esan nahi ez dela EPOrik hartu, odol-azterketak saihesteko bidea ere aurkitu baita: odol-azterketa egin behar dela jakindakoan zainetatik sueroa sartzea, horrela odola diluitu egiten da.

Ikusitakoak ikusita kirolarien esku merkatu zabala dagoela esatea ez da erokeria. Askotan doping-ari buruz hitz egitean kirol jakin batzuk aipatzen badira ere, argi dago kirol eta kirolari bakoitzak ondoen datorkion laguntzailea aurkitzeko aukera duela. Bat-batean aterako dio seguruen etekinik. Luzera, argi dagoenez, kalte egingo dio. Bizitza honetako beste hainbat arlotan bezala, doping-a kirola lehia bihurtzearen ondorio da. Beharbada hezkuntza egokitik eta kirola egin aldera egiteagatik etor daiteke konponbidea, zientziaren aurrerapenaren kirolean atzerapauso gertatu baita arazo honi dagokionez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia