}

Domolab etxe domotikoa

2001/10/11 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Ikerlaneko energia-sailaren Domolab eraikina —etxe domotikoa— inauguratu zen atzo Miñaoko parke teknologikoan. Etxea bi solairuko eraikina da, 180 metro karratu ditu eta ez du antz handirik hemen inguruan ikusten diren etxeekin. Itxuran gainerako etxeak ez bezalakoa bada ere, diferentzia handienak etxetresna elektrikoen, segurtasun-sistemen eta energia erabiltzeko duen sisteman daude.

Domolab -en ez da inor biziko. Etxearen izenak berak adierazten duenez, laborategi funtzioa izango du; Enerlan-ek, Ikerlan zentro teknologikoko energia-sailak, ikerketak egiteko erabiliko baitu.

Domolab-en dauden automatizazio-funtzio guztiak elkarrekin lotuta daude. Izan ere, domotika, labur esanda, automatizazio-funtzioak sistema bakar batean biltzea da. Integrazio horrek badu hainbat abantaila: instalazio bakarra behar da, erabiltzaileak sistema bakar baten funtzionamendua ikasi behar du, erabiltzaileak enpresa batekin eta laguntza teknikoko sistema batekin izango ditu harremanak eta, garrantzizkoena, sistema guztiak integratuta egonik zerbitzua optimizatuagoa izango da. Adibidez, lapurretaren kontrako sistema martxan jartzen denean, sistema domotikoak etxea hutsik gelditu dela ulertu eta tenperatura gradu batzuk jaitsaraz dezake, eta aldi berean, energia aurreztu.

Miñaoko etxe domotikoan etxetresna elektriko, berogailu, segurtasun- eta komunikazio tresnak integratzeko muina Maior - domoa da, telefonoaren bidez etxeko aparatuak kontrolatzen eta monitorizatzen dituen gailua. Aginduak emateko, Maior-domoak etxeko instalazio elektrikoa erabiltzen du, baina beste bideren bat ere erabil dezake, une honetan ikertzen ari diren irrati-uhinak adibidez; hortaz, ez dago instalazio berririk egin beharrik. Sistema guztiz modularra da, hau da, erabiltzaileak aukeratzen ditu sare domotikoan sartu nahi dituen aparatuak eta aplikazioak. Erabiltzaileak berak sar dezake elementuren bat sarean, baita hortik atera ere, erraz programatzen baita.

Etxea energiaz hornitzeko —eta, aldi berean, energia berriztagarrien inguruko ikerketak egiteko— erregai-pilaz eta eguzki-panelez baliatzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia