Dolly jaio eta hamar urtera
2007/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hamar urte dira Dolly ardia jaio zela iragarri zutela. 1996ko uztailean jaio zen, Eskoziako Roslin Institutuan, baina 1997ko otsailaren 27ra arte ez zuten eman haren berri: Nature aldizkarian argitaratu zuten artikulua, eta azalean Dolly arkumearen irudia agertu zen.
Dolly klonazioaren eredu bihurtu zen. Ugaztun heldu baten zeluletatik abiatuta klonazioa arrakastaz burutzen zen lehenengo aldia zen (obulu baten material genetikoa ugaltzeko zelula batenarekin ordezkatu zuten). Eta, horrela jarraituz gero, giza klonazioa egun batetik bestera lor zitekeela pentsatu zuen askok. Horren kezkaz, aurkako legeak idatzi zituzten herrialde gehienek.
Baina Dollyren arrakasta nola-halakoa izan zen; izan ere, osasun-arazoak izan zituen, eta zazpi urte zituela hil zen, 2003an. Dolly garaia baino lehen zahartu zen. Hala, agerian geratu ziren klonazioaren muga nagusiak: saiakera asko egin behar izateaz gain (Dolly jaiotzerako 277 saiotan egin zuten kale), klonak garaia baino lehen zahartzen ziren.
Ondorioz, klonazioaren bideragarritasuna zalantzan jarri zen, eta giza klonazioa uste baino zailagoa zela ohartu ziren. Hamar urte geroago, oraindik ez da lortu gizakia klonatzerik, dakigula behintzat. Hala ere, batek baino gehiagok aldarrikatu du balentria horren meritua beretzat; gogoratu, bestela, Hwang Woo-Suk korearraren iruzurra.
Dena dela, gaur egun, eztabaida etiko nagusia ez da giza klonazioa bai ala ez. Auzia ez da argitu, baina eztabaidak eboluzionatu egin du, eta ahoz aho dabiltzan auziak klonazio terapeutikoarena (helburu terapeutikoa duen klonazioa) eta zelula amena dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia