DNAzko makinak, nanoteknologiaren adibide biziak
2009/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
pH-adierazle bat eta nahi den lekura mugitzen den motor bat egin dituzte DNArekin
Bangaloreko Oinarrizko Ikerketarako Tata Institutuan, Indian, hiru DNA-zati erabilita, pH 7 eta pH 5 bitarteko azidotasuna neurtzeko adierazle bat egin dute. Hiru zatiak berez elkartzen dira, muturretako bat aske utzita. Mutur horretan, zisteina-baseak gehitu dituzte. Normalean, zisteina guaninarekin parekatzen da; inguru azidoan, baina, zisteinak protoietara lotzen dira, eta elkartu egiten dira. Horren ondorioz, egitura aldatu egiten da: egitura zuzena eta irekia triangelu bihurtzen da.
DNA-adierazlearen itxura ikusi eta interpretatzeko, markatzaile fluoreszenteak erabili dituzte ikertzaileek. Hala, inguru neutroan (pH 7), DNA-adierazlea zuzena denean, markatzaileek fluoreszentzia berdea dute; triangelu-itxuran (pH 5), aldiz, markatzaileek elkarrekintza izaten dute, eta fluoreszentzia gorria sortzen dute. Bi horien arteko koloreek tarteko pH-ak adierazten dituzte.
DNA-adierazle horiek sistema bizietan funtzionatzen dute, baita zelularen barruan ere. Hori oso baliagarria da, zelulen pH-aldaketak gaixotasunekin erlazionatuta baitaude.
DNAren beste aplikazio bat New York Unibertsitatean (AEB) garatu dute. Hain zuzen, orain arte lortu ez zuten pauso bat eman dute: DNA-motor bat nahi zuten norabidean mugitzea lortu dute. Horretarako, bide bat egin dute, hori ere DNAz, eta hori erabiltzen du DNA-motorrak norabide jakin batean mugitzeko. Ikertzaileen esanean, "molekula konplexuak elkartzeko edo organismoan botikak zein makina molekularrak garraiatzeko" erabil daitezke DNA-motor horiek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia